Udako programazioaren barruan zine emanaldia izango da larunbat honetan Orion, 22:30ean hasita. Proiekzioa ikastola aurreko plazan egitekoa zen; baina antolatzaileek, astebururako dauden eguraldi iragarpen txarrak kontuan hartuta, tokiz aldatzea erabaki dute eta, azkenean, herriko kiroldegian izango da.
Saioaren antolatzailea Arkupe dendari elkartea da eta, antolaketa lanetarako, Udalaren laguntza izan du. Zine emanaldia doan izango da.
Filma marrazki bizidunetakoa da, jatorri frantsesekoa, eta Tinko elkarteak euskaratutako bertsioan emango da. Filmaren jatorrizko izenburua “Les enfants de la pluie” da. 2003an egindakoa da eta arrakastatsua izan zen Frantzian. Planeta ezezagun batean bi espezie adimendun bizi dira, etengabeko borrokan: pyroak eta hydroak; batzuk eguzkia gurtzen dute eta besteek, ordea, euria. Filma egokia da helduek ere ikusteko.