Graffiti Lehiaketa sanikolasetan

Hamabost urtetik gorako gazteek parte har dezakete, bakarka edo taldeka.

ORIOKO 1. GRAFFITI LEHIAKETA

DEIALDIA

Farfara elkarteak Orioko I. graffiti lehiaketa antolatu du, ARTEA KALEAN izenpean, Pelotari kaleari giro berezia emateko.

GAIA

Lanen gaia, orokorrean, hau izango da: LAU ELEMENTUAK.

Parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du, beraz, bere lanaren gaia zein izango den: AIREA, SUA, URA edo LURRA.

Lanak originalak izango dira eta inon argitaratu gabeak. Ez dira onartuko indarkeria goresten duten lanak, irreberenteak, obszenoak, xenofoboak edota pertsonen duintasunaren kontra egiten dutenak.

Graffitiak marrazki, irudi, grafiko eta testuz osatuta egon litezke. Ez dira sinadurak onartuko.

PARTE-HARTZAILEAK

Hamabost urtetik gorako gazteek parte har dezakete, bakarka edo taldeka.

BOZETOAK

Parte hartzaileek bozeto bat aurkeztu beharko dute, egin nahi duten graffitia erakusten duena. Bozeto hori originala izango da eta koloretan aurkeztu behar da, DINA4 tamainan.

Bozetoetan ez da ageriko sinadurarik edo egilea nor den jakiteko pistarik eman dezakeen ezer. Bozetoaren atzeko aldean grafftiaren izenburua azalduko da eta lanaren deskripzio labur bat. Sobre itxi batean, bozetoarekin batera, orri bat aurkeztuko da, honako datuak jasoko dituena: izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta NANaren fotokopia. Talde bat baldin bada, taldekide guztien datuak jasoko dira. Sobrearen kanpoko aldean, graffitiaren izenburua jarriko da.

Bozetoak entregatzeko tokiak hauek dira:

  • Farfara taldea
  • Orioko kultur etxea (Eusko Gudari, 26. 20810 ORIO)

Lanak aurkezteko azken eguna: azaroaren 22a.

AUKERAKETA

Aurkeztutako lan guztien artean aukeratuko dira finalera pasako direnak; antolatzaileek 2 toki gordeko dituzte Orioko parte-hartzaileentzat.

LEHIAKETAREN GARAPENA

Bozeto aukeratuen egileek abenduren 7an egingo dituzte graffitiak, San Nikolas jaien barruan.
Graffitiak zurezko paneletan egingo dira (3 x 1,70 m tamainakoak, gutxi gorabehera); panelak Pelotari kalean jarriko dira 10:00etatik 17:00etara.

Graffiti bakoitzaren egileari 40 euro emango zaizkio, pintura gastuetarako.

Deskalifikatzeko arrazoi izango dira:

  • Beste parte-hartzaileen lanak aldatzea.
  • Lanak ez bat etortzea bozeto originalarekin
  • Lana izendatutako tokitik kanpo egitea.

EPAIMAHAIA

Antolatzaileek izendatuko dute epaimahaia, baina antolatzaileak ez dira epaimahaikide izango.

SARIAK

Sariak honako hauek izango dira:

  1. saria: 200 euro
  2. saria: 100 euro

OINARRI HAUEN ONARPENA

Lehiaketan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek osorik onartzea. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.