Orioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak Zaintzailea zainduz laguntza- eta atseden-tailerrak antolatu ditu otsailetik abendura. Ikastaroen helburua zaintza-lanak egiten dituzten pertsonei atseden hartzeko eta kezkak partekatzeko gune bat eskaintzea da. Jardunaldiak otsailaren 28an abiatuko dituzte, eta izena emateko epea hilaren 24an, ostegunarekin, bukatuko da.
Zaintzaileei beren burua zaintzeko, atseden hartzeko eta dituzten kezka eta zalantzak egoera berean dauden kideekin konpartitzeko denbora eskaintzea du helburu tailerrak. Horretarako, harreman emozionalak eta komunikazioa lantzeko zein arazoak konpontzeko dinamika eta jokoak egingo dituzte. Horrez gain, estresa kontrolatzeko teknikak, muskuluak erlaxatzeko ariketak eta autokontrolerako baliabideak eskainiko dizkiete, tartean, mindfulnessa.
Ikastaroa Saioa Garmendiak eskainiko du; 20 urteko esperientzia du zaintzaile-lanetan eta ongizate emozionalean aditua da.
Egutegia
Formakuntza otsail amaieran hasiko da eta abendura arte luzatu (udan etenaldia eginda). Hilean bi saio egingo dituzte, astelehenetan, 16:30etik 18:30era, Arraunetxen.
Leku mugatuak daude, eta izen-ematea otsailaren 24ra arte izango da zabalik. Interesatuek gizartebulegoa@orio.eus helbidera idatzi behar dute, eta informazio gehiago nahi izanez gero, 943 83 03 46 (luzapena 6) telefonora deitu dezakete.