Udalak hainbat neurri hartu ditu aurten, Gabonetan kontsumo arduratsua bultzatzeko eta ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko.
Horretarako, 2011ko udal aurrekontuan aurreikusita zegoen diru-kopurua erabili du Obra eta Zerbitzuetako batzordeak; baina aldaketa batzuk eginda: aurreko urteetan Txankako errotondan jarri izan diren Gabonetako argi eta apaingarriak kentzea erabaki du eta horrela aurreztutako diruarekin bi proiektu landu ditu: Gabonetako apaingarri jasangarriak eta argiztapen autogeneratu eta parte-hartzailea.
Gabonetako apaingarri jasangarriak
Proiektu hau Agenda 21ean jasota zegoen eta Udalak herriko bi ikastetxeekin batera landu du. Material birziklagarria erabiliz apaindu dira herriko bi gune: plaza eta kultur etxea.
Argiztapen autogeneratu eta parte-hartzailea
Abenduaren 23an eta 30ean eta urtarrilaren 5ean, hiru egunetan, sei bizikleta jarriko dira Herriko Plazan (bi 2-6 urte arteko haurrentzat, eta lau 6-13 urtekoentzat) eta pedalei eraginez sortutako energiarekin argiztatuko dira plazako bi zuhaitz. Haur eta gurasoak gonbidatzen ditu Udalak ekimen berritzaile honetan parte hartzera. Orduak hauek izango dira:
Abenduaren 23an, 17:00etatik 20:00etara.
Abenduaren 30ean eta urtarrilaren 5ean, 10:00etatik 13:00etara.
Aurrera begira
Aurrera begira ere, Gabonetan kontsumo arduratsua bultzatzen eta ingurumena zaintzen segitzeko asmoa du Udalak eta, aurtengoa baloratu ondoren, hurrengo urterako ekimenak aztertzen hasiko da, bide horretan aurrera egiteko.