KALEKO euskara zerbitzua abiatu du mankomunitateak

Urola Kostako Udal Elkarteak, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin elkarlanean, Kaleko Euskara Zerbitzua aurkeztu zuen urriaren 23an.

Zerbitzua aurkezteko ekitaldian honako udal ordezkariak izan ziren: Amaia Guruzeta (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria), Amets Etxabe (Getariako euskara zinegotzia), Jon Agirresarobe (Orioko euskara zinegotzia), Gari Berasaluze (Zarauzko euskara zinegotzia) eta Azis Alberdi (Zumaiako euskara zinegotzia). Aurkezpenean izan dira baita ere, udaletako euskara teknikariak eta Kaleko Euskara Zerbitzuko hiru langileak (Lore Esnal, Jaione Larrarte eta Julio Lopez).

KALEKO zerbitzuaren helburua

Zerbitzuaren helburua da euskararen erabilera bultzatzea bizitza sozialeko hainbat esparrutan.
Horretarako, euskara teknikarien lanaren osagarri izango den zerbitzua jarri du mankomunitateak martxan, esanda bezala, kaleko erabileran begia jarrita.

Urola Kostako Udal Elkartearen Hizkuntza Politika Bateratuarekin gertatu bezala, Kaleko programa ere bateratua izango da, bi zentzutan gainera. Batetik, zerbitzu berriak eskualde osoan egingo du lan, Zumaiatik hasi eta Aiaraino, asmo, irizpide eta ekintza antzekoekin. Horretarako Udal Elkarteak hiru langile kontratatu ditu, Lanera Kontratazioak programaren bidez (brigadak). Bestalde, herri guztietan eragin esparruetan berberak izango ditu, herrietako egoera soziolinguistikoari egokituta beti ere: merkataritzan, kirolean, aisialdian? eragitea izango da jomuga. Dagoeneko, Udal Elkarteak eta Udalak lanketa esparrua definitu dute: merkataritza. Ez da, ordea, bakarra izango, pixkanaka-pixkanaka beste esparruetara zabaltzen joango da dinamizatzaileen lana.

Merkataritza alorrean hasiko da lanean

?Kaleko? euskara zerbitzuaren lehenengo ahalegina merkataritza alorrean euskararen erabilera neurtzea eta hobetzeko proposamenak egitea izango da.

Ahalegin horren barruan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako merkataritzako establezimendu guztiak bisitatuko dira (ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuak), egitasmoaren berri eman eta gure zerbitzuaren eskaintza aurkezteko. Bisita horietan dendariei eskainiko zaie:

  • ageriko elementuak euskaraz jartzeko laguntza
  • idazki ereduak (entrega-agiriak, fakturak, ordainagiriak…)
  • ikastaroak eta oinarrizko materiala ostalarientzat eta dendarientzat
  • itzulpenak egin eta zalantzak argitzeko zerbitzua
  • dirulaguntzen informazioa

Bisita horiek egiten aste honetan hasiko dira mankomunitateak kontratatutako hiru langileak. Orion Julio Lopez gaztea izango da bisitari ibiliko dena.

Bisiten lehen helburua eskualdeko establezimenduetan (ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuetan) ageriko elementuetan euskararen erabilera normalizatzea da. Ondoren, establezimenduei beste tresna eta zerbitzu batzuk eskainiko dizkiegu, bezeroei zerbitzua osorik euskaraz eskaini ahal izateko eta, ondoren, euskaraz lan egiteko. Bide horretan Kaleko Euskara Zerbitzuak laguntza eta hainbat tresna eskainiko dizkie eskualdeko establezimenduei.

Informazioa: www.kaleko.org

Aurrez esan bezala, merkataritzarekin hasi badira ere esparru gehiago landuko ditu Kalekok. Horretarako webgunea jarri dugu martxan: www.kaleko.org

Webgune horren helburua da eskualdeko herritarrei bost udalerrietako euskararen inguruko albisteak eta informazioa bateratuta ematea. Honako eduki eta atalak ditu webguneak:

  • Albisteak, euskararen inguruko albisteak, eskualdekoak nahiz orokorrak
  • agenda: euskararen inguruko ekitaldi eta informazioen agenda
  • katalogoa: merkatarientzako zerbitzuak eta eskaerak internetez egiteko aukera
  • tresnak: euskaraz idatzi eta lan egiteko baliagarri diren tresnak
  • hizkuntz eskubideak: herritarrei hizkuntz eskubideen gainean laguntza emateko

Hizkuntz eskubideak

Egunerokoan, nahiz eta euskaraz bizitzeko nahia izan, ez da beti erraza jasotzen ditugun zerbitzu edo produktuetan edo izaten ditugun harremanetan euskaraz aritzea. Eta, ez da erraza, gure hizkuntz eskubideak zaintzen etengabe aritu beharra. Hori dela eta, Kaleko Euskara Zerbitzuak gisa horretako gorabeherak konpontzen laguntzeko zerbitzua eskainiko die herritarrei.