Mintzalagun programak 5 urte bete ditu aurten

Urola Kostako Mintzalagun Programak 5 urte bete ditu aurten. 2009an hasi ginen euskaldun berriak euskaldun zaharrekin elkartu eta asteroko hitzorduak egiten, euskaraz aritzeko.

Urte horietan guztietan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hainbat herritarrek hartu dute parte ekimenean eta une honetan programa osasuntsu dago eskualdean, nahiz eta Orion aurten ez den talderik sortu. Udaleko Euskara batzordearen erronka da datorren ikasturtea egitasmo hau indartzea Orion eta mintzalagun talde berriak sortzea gure herrian ere.

Ikasturte honetan 20 talde elkartu dira astero, euskaraz aritzeko (taldeak 2-5 pertsonakoak dira), 15 talde Zarautzen eta 5 Zumaian. Guztira 67 pertsona (52 Zarautzen eta 15 Zumaian). Gainera, izena eman duten hainbat euskaldun berrik ez dute talderik izan, nahi (edo ahal) zuten egun eta orduetan talderik ez zegoelako.

Ikasturte amaierako ekitaldia

Ikasturtearen amaierako ekitaldi bat egin zen ekainaren 13an (Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko sotoko aretoan, 19:00etan). Joxe Mari Karrererek “Ipuin preerotikoak” kontaketa-saioa eman zuen 40 lagunen aurrean.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

  • Euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Urola Kostan 5 urte

2009an jarri zen martxan Mintzalagun Programa. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakide izan genituen, 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76 eta 2013ko ekainean 67. Urtero, batez beste, 64 pertsona eta 18 talde inguru.

Izena emandako pertsonak gehiago izan dira urtero, baina askotan izena eman duten euskaldun berriek ez dute talderik izan, nahi (edo ahal) zuten egun eta orduetan talderik ez zegoelako edo ordutegi horretan euskaldun zaharrik ez zegoelako.

Hiketalagun: berrikuntza

2013an berrikuntza bat izan da eta, mintzalagun taldeen metodologian oinarrituta, hika euskaraz “hika” aritzeko ikastaroa eta mintzataldeak sortu dira, egitasmoaren barruan. 16 lagunek parte hartu dute ekimenean. Lehendabizi 10 orduko ikastaroa egin zuten (eduki teorikoak lantzeko); ondoren, bina orduko bost saio egin zituzten, mintzatalde gidatuetan (irakasleak bideratuta) eta segidan mintzataldea sortu dute.

Argibideak jaso edo izena eman

Ikasturtea amaitzear da eta udan etenaldia egingo du programak. Irailean ekingo diote sustatzaileek 2013-2014ko izen-emateari. Dena dela, informazioa jaso nahi izanez gero, jo honako helbide hauetara:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 943 13 01 75
  • Emailez: urolakosta@aek.org
  • www.mintzalagun.blogspot.com