Euskara ikasteko zerbitzu berritua eskainiko du Udalak Orion, AEKren bitartez

Udalak erraztu egin nahi du Orion euskara ikasteko aukera eta, horretarako, zerbitzu berritua eskainiko du aurtengo ikasturtean hasita. Zerbitzuaren kostuak Udalak ordainduko ditu eta Urola Kostako AEK-k emango du, lehiaketa publiko bidez berari adjudikatu zaiolako zerbitzuaren gestioa. Oriotarrek, hartara, aukera hobea izango dute aurrerantzean euskara ikasteko, maila guztietan.

Doako zerbitzua

Udalaren nahia da oriotarrek ez ordaindu behar izatea euskara ikasteko eta, beraz, ikastaroak doan izango dira Orion erroldatuta daudenentzat. Nolanahi ere, edozein ikastaro egiteko, 100 euroko fidantza bat ordainduko du ikasle bakoitzak, bukaeran osorik itzuliko zaiona asistentzia eta aprobetxamendu egokia izanez gero.

Autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde normaletan izena emateko, maila guztietan; baina, baita ere, autoikaskuntzaz baliatzeko. Autoikaskuntza zerbitzua berria da Orion: tutore batek gidatuta, lana bakarka egiten du ikasleak, etxean edo euskaltegian bertan, eta, ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanen zuzenketa egiteko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko.

Ikasketa-metodoak eta materialak asko hobetu dira euskaltegietan eta gaur egun aukera onak daude beren kasa ikasi nahi dutenentzat. Autoikaskuntzaren sistema honek ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Bestelako eskaintzak

Euskaltegiak eskaintza zabala izango du:

  • 0 mailako ikastaroak
  • Euskalduntzeko maila guztiak
  • Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
  • Alfabetatze ikastaroak
  • Mintzalagun taldeak

Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak.

Euskaltegia Kosta tailerreko eraikinean

Euskaltegiaren egoitza Kosta tailerrean dago. Beheko solairuan dago kokatua eta sarrera Arrantzale kaletik dauka. Bukatu berri dira lokala egokitzeko lanak eta irailaren 16tik aurrera irekita izango da honako orduetan:

  • Astelehen eta asteazkenetan: 17:00 – 20:00
  • Astearte eta ostegunetan: 10:00 – 13:00

Izen-ematea

Izena emateko epea zabalik dago irailaren 24a arte. Izena emateko, euskaltegiaren egoitzara joan daiteke, goian adierazitako egun eta orduetan edo, bestela, Udaleko Euskara Zerbitzura jo, udaletxean (943 83 03 46 – 8)

Telefonoz ere egin daiteke inskripzioa, AEKren zenbaki honetara deituta: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua).

 

Información en castellano