Balearen Egunean herria apaintzeko deia egin du Udalak

Balearen Eguna maiatzaren 14an ospatuko da, larunbatarekin. Apirilaren 29an egingo du Udalak aurtengo festaren aurkezpena eta orduan emango du antolatu duen programaren berri.

Bitartean, ordea, dei egin nahi die herritarrei gauzak prestatzen hasteko, Orioko herria apaintzeko egun horretarako. Udalak eskatzen die herritarrei etxeetako balkoiak marinel gaiekin apaintzeko: sareak, arrantzarako aparejuak, arraunak, otarrak… Herria 1901ean nolakoa zen irudikatzea da kontua: herri arrantzalea, errioari eta itsasoari begira bizi zena.

Nola jantzi Balearen Egunean?

Jantziei dagokienez ere beste horrenbeste esan daiteke: XX. mendearen hasieran herriko jendeak erabiltzen zituen jantzi-motak dira egokienak. Argibide batzuk emango ditugu, lagungarri modura:

EMAKUMEZKOENTZAT

  • Oinetan alpargatak, txuriak edo beltzak.
  • Galtzerdiak eraman nahi izanez gero, alpargataren kolorearen arabera: alpargata txuria galtzerdi ilunarekin eta alderantziz.
  • Gona luzea, txonkatiletaraino, mantal handia eta blusa.
  • Ilea jasota eramaten da, edo buruzapiarekin tapatuta

GIZONEZKOENTZAT

  • Oinetan alpargatak (emakumeak bezala).
  • Galtza ilunak, gerrikoa eta alkandora, denak zabalak.
  • Txapela, aukeran.
  • Kolore guztiek balio dute (elektrikoak izan ezik)

OHARRAK

  • Marinel jantziak ere balio du.
  • Aukerarik errazena mahoizko galtza edo gonak janztea da, alkandora txuriarekin eta alpargatekin.

 

jantziak16