Iaz bezala, matrikulazio-datu bikainak izan ditu euskaltegiak aurten ere. Autoikaskuntzan 27 lagunek eman dute izena eta, horrez gain, lau talde osatu dira maila hauetan:
- A1-A2 maila, goizean. Talde honetan ikasle gehienak iaz A1 maila egindakoak dira. Aurten, beraz, segida emango diote euskalduntzeari.
- A2 maila, arratsaldean. Talde honetan ere iazko ikasleak daude, ikasten segitu nahi dutenak.
- A1 maila, goizean. Aurten euskara ikasten hasiko diren ikasleak dira, 0 mailakoak. Oraingoz, kultur etxean hartzen dituzte klaseak.
- Alfa/B2/C1 maila, arratsaldean. Talde honetan perfil diferentetako ikasleak daude: batzuk euskalduntzetik datoz eta ikasten segitu nahi dute; beste batzuk, berriz, alfabetatu nahi duten edo EGA titulua atera nahi duten euskaldunak dira.
Taldeak osatuta eta martxan daude dagoeneko; baina azken orduko bajaren bat izan da eta, beraz, norbaitek izena eman nahi badu, oraindik geratzen da tokiren bat. Interesa duenak jo dezala euskaltegira informazio bila edo deitu dezala Orioko AEKren telefonora: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua).
AISA ikastaroa laster
Talde horiez gain, AISA ikastaroak antolatuko ditu AEK-k aurten ere, euskararekin lehen harremana izan nahi duten etorkinentzat. Ikastaro horiek HABEk prestatu eta subentzionatzen ditu eta egokiak dira oinarri-oinarrizko gauzak ikasteko. Dagoeneko 12 laguneko talde bat dago prest AISA I ikastaroa egiteko.
Autoikaskuntzak oso harrera ona izan du
Iaz hasi zen euskaltegia autoikaskuntzako aukera ematen, eta arrakasta handia izan zuen. Sistema honekin, tutore batek gidatuta, lana bakarka egiten du ikasleak, etxean edo euskaltegian bertan, eta, ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko. Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.
Iazko ikasleek sistema honen oso balorazio ona egin zuten eta aurten ere 27 lagunek eman dute izena era horretara ikasteko.