Mintzalagun programak segida izango du udako hilabeteetan

Ikasitako euskara praktikatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute udako hilabeteetan ere. Ikasturtean zehar martxan izan dira mintzalagun taldeak eta horiek ekainean bukatuko dira. Nolanahi ere, badago jendea udan ere euskara praktikatu nahi duena eta, horientzat, izena emateko epea zabaldu da. Parte hartu nahi dutenek ekainaren 15era arte daukate zabalik izena emateko epea.

Argibideak jaso edo izena emateko

Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia

Telefonoz: 625 485 215

Emailez: urolakosta@aek.org

www.mintzalagun.blogspot.com

Facebook: mintzalagunak gara

Ikasturte bukaerako ekitaldia Zumaian

Mintzalagun programaren barruan beti egiten da ikasturte bukaerako ekitaldi bat. Iaz Orion egin zen eta aurten Zumaian egitea tokatzen da. Ekitaldia ekainaren 20an egingo da, asteartearekin, Zumaiako Oxford aretoan, 18:30ean hasita. Iñaki Perurenaren bakarrizketa bat izango da, “Harria, Maitasun Istorioa” izena duena. Emanaldi hori Orion egin zuen Iñaki Perurenak aurtengo martxoan, Korrika Kulturalaren barruan, eta oso harreran ona izan zuen.

Urola Kostan 8 urte

Guztira, 70 pertsonatik gora ibili dira mintzalagun programan ikasturtean zehar, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, 20 taldetan elkartuta.

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

2009an jarri zen martxan Mintzalagun Programa eskualdean. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.