Dokumentala + solasaldia izango dira ostegunean Salatxo aretoan, maputxeen hizkuntza biziberritzeko ahaleginari buruz

Garabide elkarteak eta Udalak antolatu dute saioa elkarlanean, aurten berritu duten hitzarmenaren baitan. Saioa ostegun honetan izango da, azaroak 15, 19:00etan hasita, Salatxo aretoan.

Saioari hasiera emateko ‘Mai da bai (eta ezetzik ez dago)’ izeneko dokumental laburra proiektatuko da eta, ondoren, maputxe komunitateko Sergio Marinao hizkuntza-aktibistak eta Garabideko kide Maiteder Sasietak solasaldia egingo dute bertaratzen direnekin, mapuzugun hizkuntza biziberritzeko komunitate maputxea egiten ari den lanari buruz.

Garabide elkartea eta Aditu ikastaroa

Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da: lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta. Orioko Udalak urteak daramatza Garabideren jarduna babesten eta aurten berritu dute elkarren arteko hitzarmena beste bi urterako.

Garabide elkarteak bi urtetik behin antolatzen du bere formazio-proiektu nagusia: Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak izeneko Aditu Ikastaroa, hau da, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzeko formazioa.

Aurten irailaren 24tik abenduaren 16ra hamabi hizkuntza gutxitutako aktibista diren hogei indigena daude Euskal Herrian, bai unibertsitatean klaseak jasotzen, bai euskalgintzako eragileengana bisita didaktikoak egiten eta baita herriz herriko biran ere. Bira horren barruan kokatu behar da Orioko osteguneko saioa ere.

Bideoaren trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=m-v0ePZvEug