Udalak eta Arraun Elkarteak protokolo bat adostu dute, aurtengo alironak behar bezala antolatzeko. Protokolo horren arabera, herriko arraunlariek asteburuan banderaren bat irabazten badute, errezibimendua igande arratsaldeko 20:00etan egingo da udaletxean.
Etxafuegoen kodea
Horrez gain, Udalak eta Arraun Elkarteak kode bat zehaztu dute etxafuegoak botatzeko, jendeak jakin dezan, entzundakoan, zein ligatako bandera irabazi den: bi etxafuego entzuten badira, KAE ligako estropada izango da irabazitakoa; hiru etxafuego badira, TKE-Euskolabel ligakoa; eta lau etxafuego entzunez gero, TKE-Euskotreneko neskek irabazi duten seinale.
Udaletxeko bakoian, arraunlariak bakarrik
Zehaztu duten beste kontu bat hau da: irabazitako bandera astintzeko garaian arraunlariak bakarrik egongo dira udaletxeko balkoian. Haurrek aukera izango dute udaletxera igotzeko, baina ez balkoira ateratzeko. Balkoira omenduak bakarrik aterako dira; hau da: bandera irabazi duten arraunlariak.
Protokoloaren testua
Hau da protokoloaren testua, osorik:
LEHENA.- Harrera noiz egin: eguna eta ordua
Udalak eta Orioko Arraunketa Elkarteak adostutakoaren arabera, asteburuan egiten diren TKE eta KAE 2 ligetako estropadetan edo bestelakoetan herriko arraunlariek banderaren bat irabazten badute, harrera igande arratsaldeko 20:00etan egingo da udaletxean.
Estropadak urruti jokatzen direnean edo egoerak horrela eskatzen duenean, salbuespenak egin ahal izango dira ordutegian. Salbuespen horiek kirol-zinegotziak edo bere ordezkoak adostuko ditu kultura-zinegotziarekin, udaltzainburuarekin eta Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideekin.
BIGARRENA.- Etxafuegoak
Arraunlariek estropada irabazten duten aldiro, etxafuegoak botako dira:
- KAE ligako estropada bada, bi etxafuego
- TKE-Euskolabel ligako estropada bada, hiru etxafuego
- TKE-Euskotren ligako estropada bada, lau etxafuego
HIRUGARRENA.- Musikariak
Kultura-zinegotziak jakinaraziko die txarangako musikariei noiz den harrera-ekitaldia. Nolanahi ere, igande arratsaldeko 20:00etan diren harreretan, musikariak 19:30ean irtengo dira udaletxetik. Salbuespen diren kasuetan, kultura-zinegotziak jakinaraziko die ordutegia.
Behin harrera amaituta, musikariek aukera izango dute udaletxera igo eta arraunlariekin argazkia ateratzeko.
BOSGARRENA.- Txarangaren ibilbidea
Musikarien ibilbidea udaletxean hasiko da. Hortik herriko sarrerara igoko dira eta handik berriz ere Herriko Plazara etorriko dira kalejiran, arraunlariekin.
SEIGARRENA.- Argazkiak
Harrera ofiziala egin baino lehen, asteburu horretako talde irabazle guztien argazkia aterako da udaletxeko sarreran. Herritarrek, horrela, aukera izango dute arraunlariak eta sariak osotasunean ikusteko. Behin udalbatzarraren aretoan talde-argazkiak aterata, balkoian segurtasuna bermatzeagatik, irabazle-talde bakoitzak bere harrera propioa izango du.
ZAZPIGARRENA.- Haurrak
Balkoiak duen arriskua kontuan hartuta, haurrek ezin izango dute atera: udaletxera igo bai, baina balkoira, ez. Balkoian arraunlariek bakarrik jasoko dute herritarren omena.
ARGAZKIA: KARKARA aldizkaria