Urola Kostako Udal Elkarteak ohar hau argitaratu du, herritar guztiei zuzenduta:
Koronabirusak sortu duen krisi-egoerari erantzuteko, Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinen bilketari buruz hartutako neurriak gogorarazi nahi dizkie herritarrei. Premiaz dei egiten diegu herritar guztiei, hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten.
Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa-zerbitzuko langileena ere.
Neurri zehatzak
Premiaz dei egiten diegu herritar guztiei, beraz, hurrengo neurriak zorrotz bete ditzaten:
1.- Bertan behera utzi dugu etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua. Besterik esan arte, debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea.
2.- Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko, erabaki dugu errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak (gris eta marroi kolorekoak) irekita mantentzea. Edukiontziekin zuzeneko kontaktua izatea ekidin nahi dugu horrela. Edukiontziak eskuz irekitzea ezinbestekoa den kasuetan, eskularruekin edo beharrezko babes-neurriak hartuta ireki behar dira.
3.- Hondakinak behar den bezala sailkatzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizita, dagokien edukiontzian. Erabat debekatuta dago POLTSAK edukiontzien kanpoaldeetan uztea.
4.- Auzoan konposta egiteko guneak ez erabiltzeko gomendatzen diegu arrisku faktoreren bat duten herritarrei. Erabiltzekotan, babes-neurri egokiak hartuta egin behar da.
Udal Elkartea etengabe ari da bilketa zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen. Bilketa-guneak indartu dira, behar den lekuetan edukiontzi gehiago jarri dira eta egokitu egin da bilketen maiztasuna. Segurtasun araudiari jarraituz, edukiontzi-guneak maiz ari gara desinfektatzen.
Eskualdeko 3 garbiguneak zabalik daude; bestelako abisurik eman arte, zerbitzua profesionalei eta udal-zerbitzuei bakarrik emango zaie. Debekatuta dago garbiguneen kanpoaldean hondakinak uztea.
Ohar garrantzitsua
Debekatuta dago COVID-19arekin gaixotutako herritarren hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan uztea: organikoa, ontziak, papera, kartoia, beira, arropa eta ehunkiak…
COVID-19arekin gaixotutako herritarrek eta haien zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak e.a, poltsa itxietan bilduta aterako dira. Poltsa horiek, errefusarentzako edukiontzietara bota behar dira: erabat debekatuta dago gaika bereizita biltzeko edukiontzietan edota inguruetan uztea.
Arduraz jokatzeko deia
Neurri hauek betetzearen garrantzia gogorarazi nahi dugu. Har dezagun kontuan guztion segurtasuna eta, batez ere, hondakinak biltzeko zerbitzuko langile guztiena.
Bitartean, Udal Elkarteak lanean jarraituko du, segurtasun neurriak bermatu eta guztion osasuna eta segurtasuna babesteko.