Udalak esker oneko mezua bidali nahi die oriotarrei, asteburu honetan hondartzan erakutsi duten arduragatik eta izan duten jarrera egokiagatik.
Udalak presaz hartu behar izan zuen ostiralean Orioko hondartza «dinamikoa» bihurtzeko erabakia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako gomendioa jaso ondoren. Asteburu konplikatua aurreikusten zen hondartzan, eguraldi onagatik, eta presaz hartu eta komunikatu behar izan zuen erabakia, herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko.
Udako denboraldia ez da hasi oraindik
Oso eguraldi eguzkitsua izan dugu egunotan, baina kontuan hartu behar da udako denboraldia ez dela oraindik hasi. Udalak, beraz, ez dauzka prest oraindik udako zerbitzua emateko baliabideak eta horrek zailtasunak sortu ditu.
Gipuzkoa osoko jendea erruz etorri da asteburuan Oriora, egun pasa, eta jende-oldeak sortu ditu arazo batzuk, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Nabarmentzekoa da, hala ere, oriotarrek egoki bete dituztela ezarritako arauak: hondartzan egonean ez egotea, bi metroko distantzia gordetzea eta kontu handiz bainatzea.
Udalaren lehentasuna, COVID-19aren osasun-krisia hasi zenetik, herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzea izan da, eta hori izango du ipar aurrerantzean ere.