Urola Kostako Udal Elkartea ohiko zerbitzuak ari da ezartzen berriro, pixkanaka

Deskonfinamenduaren faseek aurrera egin ahala, ohiko zerbitzuak berrezartzen ari da Urola Kostako Udal Elkartea, betiere segurtasun- eta higiene-neurriak beteta.

Gaurtik aurrera, esaterako, Garapen Agentziak eta Ingurumen alorreko hainbat zerbitzuk ohiko jarduerari helduko diote: Open Lab guneak eta Garbigune Zerbitzuak.

Garapen Agentzia, hitzorduarekin

Urola Kostako Garapen Agentziak aurrez aurreko arreta-zerbitzua martxan jarriko du berriz, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea, 943 89 08 08 telefonora deituta edo harrera@urolakosta.eus helbidera idatzita.

Bertara joateko, nahitaezkoa izango da maskara janztea eta sarreran eskuak desinfektatzea.

Arreta telematikoa (telefono, e-posta, bideo deia) lehenetsiko da nolanahi ere, eta erabiltzaileei eskatzen zaie beharrezkoa denean bakarrik erabiltzeko aurrez aurreko zerbitzua.

Open Lab gunea

Bestalde, Open Lab gunea 3D eta laser makinen zerbitzua eskaintzen hasiko da Udal Elkartea berriro. Horretarako ere ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea. Pertsona bakarra sartuko da aldiko eta Udal Elkarteko langileak soilik erabiliko ditu Open Lab-eko makina eta tresnak. Derrigorrezkoa izango da maskara janztea, sarreran eskuak desinfektatzea eta bi metroko distantzia zaintzea.
 
Hondakinen bilketa eta garbigune-zerbitzua
 
Bio-hondakinen eta errefusaren edukiontziak zabalik daude oraindik segurtasun-arrazoiengatik, eta Udal Elkartea gainontzeko edukiontzien bilketa-maiztasunak doitzen ari da egoera berrira. Nolanahi ere, herritarrei eskatzen zaie hondakinak ez uzteko lurrean. Asteburuan nabarmen gehitu dira hondakinak edukiontzi-guneetatik kanpo honako eremuetan: hondartza inguruetan, auto-karabanen aparkalekuetan eta landa-eremuko guneetan.

Garbigune-zerbitzuan ez da hitzordurik beharko gaurtik aurrera. Zerbitzua erabiltzeko, maskara jantzi behar da, sarreran eskuak desinfektatu eta bi metroko distantzia zaindu.

Bolumen handiko hondakinak biltzeko ordutegiak errespetatu behar direla gogorarazten zaie erabiltzaileei.