Haurrentzako aurtengo udako kirol eskaintza ez du oraindik publiko egin Udalak. Normaltasun berrirako ezartzen diren arauek markatuko dute zer egin ahal izango den eta, beraz, behin horiek zehaztuta erabakiko du Udalak nolako eskaintza egin.
Nolanahi ere, guraso asko ari dira galdezka eta dagoeneko esan daiteke Kirol Anitzak jarduera egiteko aukera izango dela uztailean eta abuztuan, LH1etik LH6ra bitarteko haurrentzat.
Kirol Anitzak jardueran parte hartzeko interesa dutenek ekainaren 18tik aurrera eman dezakete izena Karela kiroldegian. Plazaren erreserba egiteko, ordainketa egin behar da aldez aurretik.
Jarduera hamabostaldika antolatuko da uztailaren 6an hasita, astelehenarekin. Jardueraren ordutegia hau izango da: 09:30etik 12:30era. Taldeak 10-14 lagunekoak izango dira, hasiera batean (arautegia aldatzen bada eta talde handiagoa egiteko aukera badago, egokituko da gero).
Hasiera batean, 3 talde sortzea aurreikusten du Udalak. Aurrerago aztertuko da beste talderen bat sortzeko aukerarik badagoen.