Udalak Karela kiroldegia eta gainerako udal-ekipamenduak hamabost egunez ixtea erabaki zuen ostegunean, pandemiaren egoeragatik.
Kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak ohar hau kaleratu du, itxiera konpentsatzeko Udalarekin adostu dituen neurriak azaltzeko:
Orioko COVID-19 intzidentzia-tasa dela eta, Karela kiroldegia itxita egongo da 15 egunez.
Egoera konpentsatzeko hartuko diren neurriak jakinarazten dizkizuegu:
1.- Itxialdiak irauten duen bitartean ez da kuotarik pasatuko; beraz, ez da beharrezkoa bajarik tramitatzea.
2.- Irekitzerakoan, kuotaren zati proportzionala kobratuko da, urtarrilean itxita egondako egunak deskontatuz.
3.- Ikastaroak konpentsatzeko formula aurrerago zehaztuko da, egutegiak ahalbidetzen dituen aukeren eta une horretan indarrean dagoen arautegiaren arabera.
4.- Sarrera, ikastaro eta zerbitzu-bonuen iraupena luzatuko da, itxiera-epearekiko era proportzionalean.