Udalak osasun-larrialdia kudeatzeko osatutako lan-mahaiak bilera egin du gaur eguerdian, pandemia-egoeraren jarraipena egiteko eta orain dela bi aste hartutako neurriak berriro aztertzeko. Orain dela hamabost egun COVID-19aren herriko intzidentzia-tasa asko igo zen (1.200etik gora) eta, ondorioz, Udalak erabaki zuen udal-instalazio guztiak hamabost egunez ixtea inolako salbuespenik gabe, herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko.
Azken egun hauetan PCR probetan positibo eman duten herritarren kopurua nabarmen jaitsi da Orion: intzidentzia-tasa 782koa da gaur eta datozen egunetan gehiago jaistea aurreikusten da. Ondorioz, Udalak erabaki du orain dela bi aste hartutako salbuespenezko neurriak indarrik gabe uztea bihartik aurrera eta, hortaz, udal-instalazioak eta parkeak berriro irekitzea: kultur etxea, musika-eskola, KTA eraikina, Arraunetxe, euskaltegia, pilotalekua, kultur eta kirol elkarteen lokalak…
Horietan guztietan ematen diren zerbitzuak bihartik aurrera jarriko dira martxan berriro. Gaztelekuaren zerbitzuak, berriz, larunbatean hasiko dira martxan eta Ludotekarenak, datorren asteazkenean.
Kiroldegia, igerilekua izan ezik, datorren larunbat goizean irekiko da. Igerilekua irekitzeko, urak tenperatura jakin bat hartu behar du eta ez dago aldez aurretik zehatz esaterik noiz egongo den irekitzeko moduan: izan daiteke larunbat arratsaldean edo, bestela, igande goizean.
Osteguneko azoka ere berriro egin ahal izango da datorren ostegunetik aurrera, orain arte bezala neurriak eta distantziak zainduta.
Segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko deia
Udalak jarraituko du, orain arte bezala, pandemia-egoeraren segimendu zehatza egiten eta, momenturen batean ikusten badu berriro neurriak hartu behar direla, ez du zalantzarik izango behar diren erabakiak hartzeko, lehentasuna herritarren osasuna da-eta.
Intzidentzia-tasa jaitsi den arren, pandemia-egoera kezkagarria da oraindik eta Udalak berriro egin nahi die herritarrei kontuz ibiltzeko eta segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko deia. Oriok zona gorrian segitzen du eta arduraz eta zentzuz jokatzen segitzea eskatzen du Udalak.