Miren Gojenola, Loli Astoreka, Ana Elordui eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituen Hiru antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean urriaren 10ean, ostiralarekin. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.
Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.
Antzezlan arrakastatsua
Antzezlanak dagoeneko bidea egin du Euskal Herriko antzokietan, eta harrera ona izan du.
Ama izateko ametsa betetzeke duten Txaroren, Mertxeren eta Angelaren istorioa kontatzen du. Hirurek batera ikasi zuten ursulinetan eta garai hartan beti batera ibiltzen ziren. Urteak igaro dira, ordea, eta azken hiru hamarkadetan bakoitzak bere bizimodua egin du, elkar ikusi gabe. 50 urte betetzear daudela, berriro bildu dira, eta, zituzten ametsetako asko bete badituzte ere, handienetako bat betetzeko dute oraindik: ama izatea. Dauzkaten aukerak elkarrekin aztertu eta ama izateko asmo horretan laguntza eman dezakeen gizona topatuko dute: Joxerramon mutil gaztea (Zuhaitz Gurrutxaga).
Lau pertsonaia horien artean hainbat egoera komiko sortuko dira.