Pasa den larunbatean, ekainak 18, Zaragueta Herri Eskolaren ikasturte amaierako eguna ospatu zuten irakasle, guraso eta ikasleek eta, jai-giroa aprobetxatuz, eskolan sortu duten Baleatik Baleara mahai-jokoa aurkeztu zuten. Jolasa eskuragai jarri dute 15 euroan Ontzan, Zipristinen, The Passen eta Iturainen.
Udalaren babesa
Baleatik Baleara mahai-jolasak Udalaren babesa izan du, eta 150 ale erosi ditu. Erositako jolas horiek banatu egingo ditu herriko zerbitzu batzuetan (liburutegia, Eguneko Zentroa, Gaztelekua, Euskaltegia…), eta Gizarte Zerbitzuetan ere izango dituzte ale batzuk, errekurtso gutxikoengana ere iritsi daitezen.
Orioko Curriculuma zabaltzeko tresna
Antzara-jokoa du oinarri Baleatik Baleara mahai-jolasak, eta bi helburu ditu: Orioko curriculumeko edukiak zabaltzea (herriko pertsonak, elkarteak, leku esanguratsuak, ohiturak…), eta gazte zein helduek elkarrekin ondo pasatzeko baliabidea izatea. Zaragueta Herri Eskolak garatu du proiektua eta Eñaut Aiartzaguena komikilariak ilustratu du jolasa.
Jolasean garai bateko eta oraingo oriotar ezagun ugariren aipamena egiten da eta, horrekin batera, herriko komunitatea osatzen duten elkarteak, txokoak, musika-taldeak… Laukitxo bakoitzak informazioa ematen du horietako bati buruz eta, hartara, jolasaren bidez, herriko berri berri jasoko dute jokalariek.