Elkarretaratze jendetsua egin dute herriko ikasle, irakasle eta gurasoek plazan, emakumeen eta gizonen parekotasunaren alde

Traducción automática al castellano

Martxoaren 7ko goizeko 11:30ean morez jantzi da Orioko plaza. Bi eskoletako haur eta gazteek, irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egin dute plazan. Bertan, Udalaren ordezkariekin batera, ekitaldi labur bat egin dute udaletxeko balkoitik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko.

Zarauzko Berritzegunearen koordinaziopean egin dute elkarretaratze bana Orion eta Zarautzen, bi herriotako ikastetxe guztien parte-hartzearekin.

Plazako ekitaldian, lehenbizi, alkateak egin ditu ongietorriko hitzak eta, ondoren, adostutako agiria irakurri dute DBH4ko bi neskak (bata Zaraguetako ikaslea eta bestea, ikastolakoa). Ondoren, LH5 eta LH6ko ikasleek Iñaki Gurrutxaga bertsolari oriotarrarekin batera prestatutako bertso parea kantatu dute; eta, segidan, ekitaldiari bukaera emateko, Errikotxia elkarteko Rosi Lazkanok beste bi bertso kantatu ditu, plazako haur eta heldu guztiekin batera.

Agiri adostua

Honako hau da ekitaldian irakurri den agiriaren testua:

Gaurko egunez, eta urte osoan, emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatu nahi dugu ozen.

Parekotasuna lortzeko bidean asko aurreratu dugu gure herri eta ikastetxeetan; baina horrek are nabariago uzten du erronka handiak ditugula oraindik aurrean:

  • Etxeko zereginak eta zaintza-lanak ez dira oraindik berdin banatzen neska-mutilen artean.
  • Neskek eta mutilek ez dute, askotan, aukera berdina izaten ikasketetan aurreratzeko eta lan-munduan ere nabaria da desberdintasuna.
  • Kalean beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea ez zaie berdin errespetatzen neskei eta mutilei.
  • Mendekotasunik gabeko tratu ona bultzatzen segitu behar dugu.

Lan handia dugu oraindik parekotasuna lortu eta gizarte zuzenago bat eraikitzeko. Erronkari gizarte osoak erantzun behar dio eta gu, agiri hau sinatzen dugun gizon-emakume, neska-mutil eta erakundeok, gure alea gehitu nahi diogu ahalegin kolektibo horri.

Horregatik, KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:

  • Gure ikastetxeetan parekotasunean oinarritutako hezkuntza bermatuko dugu.
  • Nork bere esparruan tinko egingo dugu emakume eta gizonen arteko parekotasunaren alde.
  • Parekotasunaren aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu, gizarteak aurreratzen segitu dezan norabide horretan.
  • Elkarrekin ibiliko dugu bide hau, hitzak eta ekintzak une oro uztartuz.
  • Orio, 2019ko martxoaren 7a.

Ekitaldiko bertsoak

Hauek dira, berriz, ekitaldian kantatu diren bertsoak:

Kaleek behar dute
argi kolorea,
emakumeok dugu
ukabil morea,
berdintasunan bila
behar da jendea,
denok batera egin
dezagun bidea.

Martxoaren zortzia,
Emakume Eguna…
inor ez da printzesa,
inor ez zalduna,
feministon helburu
da berdintasuna,
mundu guztian zehar
eskatzen duguna.

Eskola eta ikastolako bertsolaritza-ikasleak. 2019/03/07

Doinua: Mikel Markezen ‘Konplize ditut-eta’

Ez gaitzaten hain erraz
sailkatu, konpara,
aukera berdinaren
eskean plazara,
beldurra eta lotsa
bihurtu algara:
onartuko gaituzte,
onartzen bagara!

Nahi ez badute entzun
zerk gaitun kezkatzen,
ez bagaituzte maila
berdinean jartzen,
ohitura diotena
has dadin aldatzen,
emakumeok greban
gara ateratzen.

Rosi Lazkano 2019/03/07

Doinua: Balearen bertsoak

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.