Euskararen erabilera igo egin da Orion eta % 72koa da gaur egun

Traducir al español

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin neurtzen du euskararen erabilera kalean eta aurtengo neurketak ondorio garbi hau utzi du: euskararen erabilera igo egin da, batez ere helduen artean.

Azken urteotan —bereziki, 2011tik hona— beheranzko joera izan du euskararen erabilerak Orion, baina, aurtengo neurketaren arabera, joera hori aldatu egin da.

Bederatzi puntu gora

Euskara Zerbitzuak 2017an egin zuen azken neurketa eta, harekin alderatuta, aurtengoan bederatzi puntu igo da euskararen erabilera orokorra.

Igoerarik handiena helduen taldean gertatu da (25-64 urtekoen artean): % 57tik %72ra. Beste adin-taldeetan aldaketak ez dira horren handiak, nahiz eta atentzioa ematen duen gazteen artean jaitsiera txiki bat izan dela.

Hauek izan dira aurtengo neurketaren emaitza nagusiak:

erabilera19

Metodologia

Euskara Zerbitzuak hogeita hamar urte daramatza euskararen erabilera neurtzen herriko kaleetan. Bi urtetik behin egiten da neurketa, beti maiatzean, garai eta ordu berdinetan, datuak gero konparatu ahal izateko.

Neurketa egiterakoan, kalean dabilen jende guztiaren jarduna apuntatzen dute neurtzaileek: zein ari den euskaraz, zein gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren batean, emakumezkoak ala gizonezkoak diren, zein adin-taldetan sailkatzen diren eta abar.

Aurtengo neurketa maiatzaren 8tik 12ra egin zen eta herriko bi lagun ibili ziren lan horretan. Guztira, 3.181 herritarren hizkuntza-jarduna neurtu zuten asteazkenetik igandera bitartean, bizitza sozialeko hainbat jardueratan: erosketak egiten, paseatzen, txikiteoan...

Lagina hain zabala denez, emaitzak fidagarritasun handikoak dira, errore-marjina txiki batekin.