Kanpineko ura berotzeko sistema aldatu du Udalak, efizienteago izan dadin

Aurrerantzean, eguzki-energiaren bidez berotuko da kanpinak erabiltzen duen ur beroaren %30.

Sistema berria instalatu aurretik gasolio bidezko galdara bat zegoen ur beroa sortzeko eta 5.000 litroko biltegi bat zeukan eraikinak. Galdara hura zaharkituta zegoen, ordea, eta, aldatu behar zela aprobetxatuta, Udalak sistema osoa berritu eta gas natural bidezko galdara bat eta eguzki-plakak instalatu ditu.

10 eguzki-plaka instalatu ditu Udalak kanpineko eraikinaren sabaian; guztira, 24,9 m2-ko azalera dute plakek. Plakak horizontalean muntatzeko diseinatuta daudenez, binakako 5 ilaratan instalatu dira, hegoaldera begira, argazkian ikusten den bezala.

Gas-galdara berria

Horrez gain, gas natural bidez funtzionatzen duen errendimendu altuko kondentsazio-galdara bat instalatu du Udalak. Sistema hau ere aurrekoa baino askoz efizienteagoa da energetikoki.

Instalatutako sistema berriarekin %35 gutxituko da kanpineko jatorri fosileko kontsumo energetikoa.

CO2 isurketei dagokienez, lehengo ekoizpen-sistemarekin 28,7 tona isurtzen ziren urtean; orain, aldiz, kopuru hori 14,9 tonara jaitsiko da; hau da, kanpineko CO2 isurketak %47 gutxituko dira.

41.000 euroko kostua

Ura berotzeko sistema aldatzeko lanak lehiaketa publiko bidez adjudikatu zituen Udalak eta Fojansa enpresak egin ditu.

Lanek 41.000 euroko kostua izan dute (BEZik gabe) eta Udalak bi dirulaguntza hauek jaso ditu:

  • EVE (Ente Vasco de la Energía): 5.499,27 euro
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: 5.869,96 euro.