«UDAN ELKAR ZAINTZEN» programa antolatu dute Txurrumuski elkarteak eta Udalak uztail-abuztuetan

Bizi dugun osasun-krisiak ez du aukerarik ematen aurten ohiko Udaleku Irekiak edo Gazte Abentura jarduerak antolatzeko eta, hori ikusita, Udala eta Txurrumuski elkartea elkarlanean aritu dira azken asteotan, gurasoei alternatiba bat eskaini ahal izateko.

Alternatiba hori gaur aurkeztu dute Udalak eta Txurrumuskik: «UDAN ELKAR ZAINTZEN» programa. Proposamena bat dator krisiaren hasieran Orion martxan jarri zen zaintza-sarearen irizpideekin eta erantzun egoki bat eman nahi die zerbitzuaren premia duten haur eta familiei.

Eskaintza mugatua

Egoerak ez du aukerarik ematen aurreko urteetako haur-kopuruak biltzeko segurtasun-baldintza egokietan, eta, beraz, eskaintza mugatua izango da: bakar-bakarrik horren beharra duten haur eta familiei zuzendua. Behar hori ez dutenei edota moduren batera edo bestera moldatzeko aukera dutenei eskatzen zaie zerbitzu hau ez erabiltzeko, premia gehien dutenek erabili ahal izan dezaten.

Udala eta Txurrumuski jakitun dira beharrak zehatz definitzea lantegi zaila dela; baina, bi irizpide hauei erreparatuko diete, nagusiki, aukeraketa egiteko:

  • Guraso, arduradun edo tutorearen lan-egoera
  • Familiak duen zaintza-sarea; hau da, senide edo gertukorik ba ote duen haurraz arduratzeko.

Horiek izango dira irizpide nagusiak, baina, nolanahi ere, jakina da egoera bakoitza desberdina dela eta balorazioa orokorrean egingo dute Udalak eta Txurrumuskik.

Zintzotasun eske

Familia bakoitzari eskatzen zaio bere egoera zintzotasunez aztertzea eskaera egin aurretik, benetako beharra duen inor ez dadin plazarik gabe geratu.

Uztailean eta abuztuan

Familien beharrei erantzuteko sortu denez, zerbitzua bi hilabetez luzatuko da aurten: uztailean eta abuztuan. Hilabeteak hamabostaldika banatuko dira eta, beraz, lau izango dira guztira:

  • Uztailak 01-17
  • Uztailak 20-30
  • Abuztuak 03-14
  • Abuztuak 17-28.

Hamabostaldiren batean gutxieneko haur-kopurua ez badago, bertan behera geratuko da.

Ordutegiari dagokionez, zenbait aukera eskainiko dira, 07:30etik 14:00etara arte. Ordutegia ere beharren arabera antolatuko da. Aldez aurretik finkatuko dira sartzeko eta irteteko orduak eta haurrek zorrotz bete beharko dituzte, inoiz jende-pilaketarik ez gertatzeko.

Hamabostaldi bakoitzeko 40€ ordainduko du haur bakoitzak, aurreko urteetako prezio bera.

Izen-ematea

Izena emateko, galdetegi hau bete behar du familiak eta bertan azalduko ditu dauzkan beharrak. Galdetegi horiek erabiliko dira gero, balorazioa egiteko.

Osasun-krisiak ziurgabetasun handia sortzen du eta, zenbait kasutan, beldurra ere bai. Txurrumuski elkarteak beharrezko segurtasun- eta higiene-neurri guztiak errespetatuko ditu eta zehatz-mehatz beteko ditu agintariek ezarritako protokoloak, haurren ongizatea bermatzeko.