Gaur hasiko da martxan Orioko txu-txu trenaren zerbitzua

Traducción automática al castellano

Atzo probako ibilaldi batzuk egin ondoren, gaur hasiko da martxan Orioko txu-txu trenaren zerbitzua, hondartza eta herrigunea lotzeko. Iaz, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, ez zen trenik izan, baina aurten irailaren 12ra arte emango du zerbitzua.

Aldaketa nabarmen bat izango da aurreko urteekin alderatuta: plaza inguruko obrak eragindako norabide-aldaketa dela-eta, segurtasuna bermatzeko, Txu-txu trena ez da Anibarko Portutik pasatuko, eta hondartzatik buelta Arrantzale kalean egingo du, ikastola parean.

Zerbitzua ordu erdiro

Egunero emango du zerbitzua trenak, astelehenetik igandera, 11:30etik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara. Ordu erdiro aterako da ikastola paretik, Arrantzale kalean, eta geldialdi bakarra egingo du hondartzako biribilgunera iritsi arte, Bikamiotan. Itzuleran ere toki berberean geldituko da.

Goizeko azken itzulia egiteko, 13:45 aldera aterako da hondartzatik; eta arratsaldeko azken itzulia egiteko, berriz, 19:45 inguruan. Ordutegi horiek gutxi gorabeherakoak dira, jende-etorri handiko momentutan aldaketak izan daitezke-eta.

Prezioak

Prezioak hauek izango dira:

  • Joan etorriko txartela.....1,50 euro

  • 10 joan-etorriko bonua.... 6 euro

Txartelak Txu-txu trenaren gidariari erosi behar zaizkio.

Bidaiariek unean uneko segurtasun-arauak errespetatu beharko dituzte eta maskarak jantzita eramango dituzte Txu-txu trenaren barruan.