Orioko bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute Laboral Kutxak eta Kutxabankek

Finantza-alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur goizean UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta Bankoa ABANCAk, udalerri euskaldunetako alkate eta ordezkariekin batera. Orioko Udalaren izenean, Ainara Munduate euskara-zinegotziak parte hartu du Bergaran egindako ekitaldian.

Sinatu duten hitzarmenaren bidez, UEMAk eta hiru finantza-erakundeek hizkuntza-irizpideak adostu dituzte, eta udalerri euskaldunetako bulegoetan euskara lehenetsiko dute.

Hitzarmenaren mamia, zazpi puntutan bilduta

Hauek dira hitzarmenak jasotzen dituen konpromisoak:

1.- Udalen eta finantza-entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira. Hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere.

2.- Hizkuntza-irizpideak. Finantza-entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan. Helburu hori betetzeko asmoz, besteak beste, honako neurri zehatz hauek ezarriko ditu:

a) Lehen hitza. Langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari.

b) Mezu elektronikoak. Posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, edo ele bietan; ele bietan bidaltzekotan, euskara lehenetsiko da.

c) Produktuak. Finantza-produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute langileek, non eta bezeroak ez duen aurkakoa eskatzen; idatzizko informazioari dagokionez, euskaraz emango dute, edo, bezeroak hala eskatzen badu, ele bietan. Helburu hori lortzeari begira, entitateak bereziki zainduko du langileek badutela nahiko trebetasun produktuei buruzko informazio teknikoa euskaraz emateko.

d) Txartelak. Euskaraz konfiguratuko dira txartelak, bezeroak aurkakoa eskatu ezik.

e) Eskaintza aktiboa. Finantza-entitateak ahalegina egingo du bezeroek gero eta gehiago erabil dezaten euskara bere zerbitzuetan. Horretarako, batetik, kartelak jarriko ditu bulegoetan, langileek badakitela adierazteko eta euskaraz aritzera gonbidatzeko; bestetik, erabilera sustatzeko kanpainak egingo ditu aldian-aldian.

f) Kutxa automatikoak. Txartela sartu aurreko mezuak euskaraz agertuko dira kutxa automatikoetan: bai publizitatea, bai sartu txartela eta horrelako mezuak.

g) Hizkuntza-paisaia. Euskaraz egongo dira bulegoetan jarritako iragarki kartelen %75 gutxienez, barrura zein kanpora begira. Kartel elebidunak jartzekotan, euskarazko mezua nabarmenduko da. Bulegoak publizitaterik jartzen badu tokiko argitalpenetan (aldizkariak, egitarauak…), euskaraz jarriko du. Bulegoko seinaleak euskaraz edo ele bietan jarriko dira; ele bietan bada, euskara lehenetsita. Esku-orrietan euskara lehenetsiko da, eta bulegoetan bezeroek hartzeko moduan dauden esku-orrien %75 gutxienez egongo dira euskarazko aldea ikusgai dutela.

h) Toponimoak. Leku-izenak erabiltzean, euskarazko izen ofizialak baliatuko dira.

i) Eragiketak. Libretetan eta kontuetan eragiketaren bat erregistratu behar denean, euskaraz idatziko du langileak, non eta bezeroak ez duen kontrakoa adierazten.

j) Bezero gazteak. 35 urtetik beherako bezeroei euskara hutsez bidaliko zaizkie komunikazioak, haiek ez badute besterik eskatzen —kasu horretan, ele bietan bidaliko zaizkie komunikazioak, betiere euskara lehenetsita—. Bezero berriak hartzeko prozeduretan txertatuko da irizpide hori, harremana euskaraz has dadin.

3.- Langileak. Irizpide horiek guztiak ezartzeko eta euskararen erabilera sustatzeko, osagai funtsezkoa dira finantza-entitateko langileak. Horiei begira, neurri hauek hartuko dira:

a) Ezagutza. Bulego horietako langileak gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko. Xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Bulego horietan zerbitzu emateko kontratatutako langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.

b) Harrera. Langile berri bat hasten denean, harrera egitean azalduko zaizkio hitzarmen honetan jasotako irizpideak. Horrekin batera, udalerri euskaldunei buruzko oinarrizko informazioa helaraziko zaio, aurrez prestatutako material baten bidez. Hitzarmen hau indarrean sartzean, jadanik bulego horietan lanean ari diren behargin guztiei bidaliko zaie udalerri euskaldunei buruzko materiala.

c) Lan-hizkuntza. Langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez.

4.- Banka elektronikoa. Euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz. Bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du finantza entitateak, hori bultzatzeko kanpainak eginez, kontuan izanik euskaraz konfiguratzea inportantea dela zerbitzuak euskaraz erabiltzeko.

5.- Hedapena. Udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango diete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.

6.- Jarraipen batzordea eta ebaluazioa. Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea.

7.- Indarraldia. Hitzarmen honek lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.

Alde guztiek ohiko komunikazio euskarriak erabiliz herritarrei zein bezeroei hitzarmen honen berri emateaz gain, hiru finantza erakundeen bulegoetako langileei hitzarmenaren arrazoiak eta edukiak ezagutarazteko gida ere prestatu dute elkarlanean, hizkuntza-irizpideak bilduta, eta finantza-erakundeek gaurtik aurrera helaraziko dizkiete gida horiek langileei, irizpideak argi izan ditzaten.

Gaurko ekitaldiari buruzko informazio gehiago UEMAren webgunean.