Ekainaren 13an hasiko da hondartza-denboraldia

Asteburuan hasiko da 2026ko hondartza-denboraldia Orion. Sorospen zerbitzua larunbatean, ekainaren 13an, jarriko da martxan Antilla hondartzan, eta kabinak, berriz, astelehenean zabalduko dira, hilak 15. Irailaren 15era arte, 11:00etatik 20:00etarako ordutegia izango dute, eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.

Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere izango da, eta prezioak hauek izango dira:

  • Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: Eguna, 1,5 euro; astea, 5 euro; hilabetea, 10 euro; eta denboraldi osoa, 30 euro.
  • Etzaulkiak eta surf-taulak: Eguna, 2,5 euro; astea, 8 euro; hilabetea, 18 euro; eta denboraldia, 45 euro.

Txu-txu zerbitzua

Herrigunea eta hondartza lotzeko txu-txu zerbitzua martxan jarriko du Udalak, ekainaren 29tik abuztuaren 31ra bitartean. Kanpo enpresa bati adjudikatu zaio zerbitzua, eta hark jarriko du txu-txu trena eta kontratatuko ditu gidariak. Iazko ibilbide eta ordutegi berbera izango da: 11:30-14:00 eta 16:00-20:30era bitartean. Ikastola pareko plazatik hasi eta hondartzan egingo du itzulera, Bikamiotan geldialdi bat eginda.

Dagoeneko uda osorako bonuak salgai daude turismo-bulegoan, 10 euroan. Zerbitzua hasten den egunetik aurrera, bonuak 20 euro balioko ditu. Horrez gainera, joaneko txartelak trenean bertan eta turismo-bulegoan eta kanpinean erosi ahalko dira. Txartel horrek euro bat balioko du, eta bidaia bat egiteko eskubidea emango du: hondartzatik herrira edo herritik hondartzara.

Horrez gainera, 15 joaneko bonuak ere egongo dira salgai, 10 euroan. 3 urtez azpiko haurrek doan bidaiatu ahalko dute.

Bizikletak

Herrigunetik hondartzara joateko bidegorria osatuta dago, eta herrian mugitzeko modu egokia da. Horrenbestez, Udalak dei egiten die herritarrei uda honetan bizikletaz ala txu-txuan egin ditzaten hondartzako joan-etorriak. Kutsadura ez ezik, trafikoari eta aparkalekuei lotutako gorabeherak ere murrizten lagunduko dute horrela.