Jurgi Ekiza musikari lapurtarrak kontzertua emango du Orion bihar, ekainaren 12an. Emanaldia 20:00etan izango da, zimitorio zaharrean, eta sarrera doakoa izango da.
Ekiza izen artistikoarekin aritzen da bakarka Jurgi Ekiza, Willis Drummond taldeko abeslari, gitarra-jotzaile eta letragilea. Baionan jaioa, 2004an sortu zuen Willis Drummond taldea Xan Bidegain, Rafa Rodrigo eta Felix Buff musikagileekin, eta bandak ibilbide oparoa izan zuen, Euskal Herrian erreferente izateraino.
Willis Drummondekin egindako bideaz gain, bestelako proiektuetan ere parte hartu du Ekizak: Era Batera egitasmoan aritu izan da, besteak beste, eta hainbat kolaborazio egin ditu euskal musikako sortzaile eta taldeekin. Horrekin batera, bakarkako bidea ere landu du azken urteetan, eta 2025ean kaleratu zuen Argitzala, bere bakarkako lan berria.
Bada, gitarra eta ahotsa oinarri hartuta, diska honetako kantak joko ditu ostiralean Orion, formatu intimoago batean.
