Orioko Emakumeen Mahaia sortzeko saioa egingo dute ekainaren 15ean

Herriko berdintasun-politiketan eragingo duen Emakumeen Mahaia osatzeko deialdia egin du Ahalduntze Eskolak. Ekainaren 15ean, asteazkenarekin, bilera irekia egingo dute 18:00etan kultur etxean, eta zeregin horretan parte hartzeko interesa duten norbanakoei eta taldeei egin diete parte hartzeko deia.

2019an sortu zenetik, herriko emakumeen ahotsak entzuteko eta haien beharrak asetzeko ekimenak eta udal-politikak bultzatu ditu Ahalduntze Eskolak. Prozesu horretan, berdintasun-politikak herritik eraiki ahal izateko, emakumeen parte-hartzea funtsezkoa dela ikusi dute eta horregatik egin dute Emakumeen Mahaia sortzeko deialdia.

Orioko Udalaren Emakume eta gizonen berdintasunerako II. plana onartu berri den honetan, datozen urteetarako proposatutako helburu eta ekintza-lerroen garapenean parte hartuko du taldeak.

Saio irekia ekainaren 15ean egingo dute eta, parte hartzeko, izena eman behar da lotura honetan.