Orioko Pakak taldearen, Orioko Futbol Taldearen eta Orioko Udalaren adierazpen bateratua

Maiatzaren 10ean, larunbatarekin, PakaFest jaia antolatu zuen Orioko Pakak transmaribibollo taldeak, herriko LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrikapenak eta festa uztartzeko ekimena.

Egun berean, Orioko Futbol Taldeko gizonezko seniorrek Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten eta lorpen hori ospatu zuten zelaian eta kalean. 

Gau giroan, ordea, futbol-taldeko bufandak jantzita zituzten herritar batzuek, tartean futbolari bat, oldarkor, PakaFest iragartzen zuten pankartak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko pankartak kendu zituzten, herriaren sarreran, «PakaFest ez» oihu eginez. Paka Festetik zetozen mugimendu feministako herritar batzuek ikusi eta kargua hartu zieten. Ondoren, mugimendu feministako hiru kide kendutako pankarta bat berriz jartzen ari zirela, txistuak eta irainak jaso zituzten taberna inguruan zeuden zenbait herritarrengandik. Grabatuta dago gertatutakoa.

Gau hartan bertan, Saregile Emakumeon* etxeko atea txistuz eta karkaxaz zikindu zuten. 

Gertatutakoa salatzeko, Orioko Pakak taldeak adierazpen bat zabaldu zuen astelehenean, maiatzak 12, sare sozialetan. 

Pare bat ordu beranduago, Orioko Futbol Taldeak bere adierazpen propioa argitaratu zuen.

Pakak zabaldutako adierazpen publikoan ez zuen inolako aipamenik egiten Orioko Futbol Taldeari buruz, baina, pribatuki, futbol-taldeak zenbait mezu jaso zituen, gertatutakoaren erantzule zuzen gisa seinalatzen zutenak. Mezu horietako bat Saregileko kanal ofizialetik iritsi zen, eta bestea Pakako kide batek foro batean idatzitako mezu pribatua zen.

Egoera horrek haserrea piztu zuen Orioko Futbol Taldean, eta, ondorioz, adierazpen publikoa plazaratu zuten.

Egoera gaiztotzen ari zela ikusita, Udalak bilerak egin ditu Orioko Pakak taldearekin eta Orioko futbol taldearekin, gaizki ulertuak argitu eta indarrak herri hobeago baten alde batzeko. 

Horregatik, dokumentu hau sinatzen dugunok, hau adierazi nahi dugu:

  • Erabat gaitzesten dugu Orioko Pakak taldeak jarritako pankarta kentzea, PakaFesten kontrako oihuak egitea eta Saregile etxea txistuz zikintzea, adierazpen-askatasunaren kontrako eraso larri bat delako eta LGTBIfobiaren erakusgarri garbia delako. Horrelako jarrerek ez dute lekurik gure herrian. Zoritxarrez, ez da lehen aldia.
  • Arduraz eta kezkaz bizi ditugu garaipen-festetan hartzen diren zenbait jarrera. Egindakoaren ardura pertsona horiena da, baina herri-eragileok jarrera erasokorrei erantzuteko ardura daukagu. 
  • Gure esku dagoen guztia egingo dugu horrelakorik berriro ez gertatzeko, eta herritarrei eskatzen diegu, bereziki, oso arduratsuak izan daitezela sare sozialak erabiltzerakoan. Momentuko berotasunean esan edo idatzitako gauzek mina sortu dezakete eta oso eragin kaltegarria izan herriko elkarbizitzan.
  • Sinatzaileok konpromisoa hartzen dugu, herriko talde edo kolektiboen ordezkari garen neurrian, komunikazio publiko arduratsua egiteko.
  • Orain arte bezala, lanean jarraituko dugu Orio berdinzaleago, justuago eta askeago baten alde. 

Orio, 2025eko maiatzaren 16a.

Orioko Udala, Orioko Pakak taldea eta Orioko Futbol Taldea.