2022ko irailean, Orioko futbol-zelaiaren berrikuntzak aitzaki hartuta, harrera beroa egin genizun herrian, Imanol. Bero hartu zintugun, bai, denok, miresmenez, harrotasunez. Eguna ere eguzkitsua zen, eta dena zen garaipen, poz, gorespen…
Besarkada izena duen koadro bat oparitu genizun eta mezutxo bat helarazi, gaur inoiz baino presenteago izatea nahi duguna: futbola, bizitza bezalaxe, argi-ilunez eta ilun-argiz beteta dago. Garaipenetan, garai onetan, jendea erraz egoten da inguruan, erraz eta erruz. Ilunaldietan, berriz, dena da hotzago, urrunago… eta hortxe sentitzen da benetako maitasuna.
Koadro haren bidez transmititu nahi genizuna horixe zen: garai zailetan, beti ondoan izango duzula Orioko herriaren berotasuna.
Jaso ezazu gaur, Imanol, inoiz baino estuago, Orioko herriaren besarkada.