Alokairuko etxebizitzak eraikitzeko bi proiektu jarriko dira martxan azaroan

 

Munton eta Anibarko Portuan alokairuko etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiko ditu Jaurlaritzak azaroan. Muntoren kasuan, datozen egunetan ekingo die Visesak alokairuzko 46 etxebizitza eraikitzeko lanei. Anibarko Portuan, bestetik, sei apartamentu dotazional prestatuko dituzte datozen hiletan.

Bi egitasmoak Orioko Udalarekin sinatutako hitzarmen banaren bidez gauzatuko dira, eta guztira, alokairuko 52 etxebizitza iraunkor berri eraikiko dira herrian.

Interesa duten herritarrek Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan eman beharko dute izena aldez aurretik. Etxebiden zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte horretarako, eta oriotarrek izango dute lehentasuna.

Informazio gehiago behar izanez gero, Udalera edo Etxebidera jo dezakete.

Munto

Munton alokairuko 46 etxebizitza eraikiko dira. Lanek 6 milioi euroko aurrekontua dute, eta Sukia Eraikuntzak enpresak egingo ditu. Obraren itxitura jarrita dago jada, eta laster hasiko dituzte indusketa-lanak. Aurreikuspenen arabera, lanek 24 hilabete iraungo dute.

Anibarko Portua

Anibarko Portuan, bestalde, gazteei zuzendutako sei apartamentu dotazional prestatuko dituzte gaur egun hutsik dauden lokaletan. Lanak abian daude dagoeneko, eta sei hilabetez luzatuko dira. Goitu enpresa ari da lanak egiten, eta 500.000 euro inguruko aurrekontua dute.