Anuska Esnal, Orioko alkatea: «Ezer inposatu beharrean, erabakiak denon artean hartzearen alde egin dugu»

Anuska Esnal Orioko alkateak, Jose Jabier Gomez de Segura EAJko zinegotziak, Ana Priede PSE-EE-PSOEko zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak agerraldia egin dute gaur Orioko udaletxean. Sare sozialetan sortutako nahasmena zela-eta, Udalak atzo iragarri zuen abenduaren 5etik 8ra egitekoak ziren San Nikolas jaiak bertan behera uzteko erabakia, eta gaurko prentsaurrekoan, azken hilabeteotan herriko eragileekin egindako bidea eta eraikitako zubiak balioan jarri nahi izan ditu alkateak.

«Erabakia orain hiru aste hartzea zen errazena, azaroaren 17ko jarraibideekin batera. Pilaketak ekiditeko, festak bertan behera utzi genitzakeen orduan», azaldu du Esnalek. Baina, horren ordez, urrian abiatutako lanketa-prozesuarekin aurrera jarraitzea hobetsi zuten, eta Udaleko Bozeramaile Batzordea deitu, egoera aztertzeko. «Herriak festak nahi ditu ilusioa dago, eta jendea planak egiten hasia da modu naturalean. Normaltasunera itzultzeko behar emozional hori agerikoa da, beste hainbat alorretan ere normaltasunez ari direlako jada. Eta erdibideko eredu baten aldeko apustua egin dugu aho batez», gaineratu du.

Horretarako, herriko eragileekin, tabernariekin, jai batzordearekin… bilerak egin ditu Udalak. Jai Batzordean proposatutako jardueretan neurriak erraz bete daitezke; aldiz, kanpotik etorritako jende-oldea saihestu nahi izan da gaueko ordutegia murriztuta: «Tabernariekin negoziatu dugu hasieratik, eta adin guztietako herritarrentzako programa eskaintzeko, ekitaldien ordutegiak egokitu ditugu. Oriotarrentzako egitarau erakargarria osatzea izan dugu helburu».

Erdibideko formula hori ez da posible izan, azkenean; osasun datuek ere okerrera egin dute eta, datozen egunetan etor daitezkeen neurri murriztaileen aurrean, jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du Udalak: «Azken asteetan eraikitako guztia, hondarraren gainean eraikitzen ari ginela jakin arren, erori egin da. Erabakia ez da erraza, ezta gustagarria ere. Eta horregatik, nire tristezia adierazi nahi diet herritarrei, eta fisikoki zein emozionalki zaintzen jarraitzeko eskatu».

Herri aske ahaldundua

Azken asteetan egindako bidea oso aberatsa izan dela nabarmendu du Esnalek, zubi sendoak eraiki dituztela, eta herritarrek egoerara egokitzeko eta arduraz jokatzeko erakutsi duten jarrera txalotu du. «Erdibideko aukera lantzen jardun gara atzo arte. Festak herritik sortu dira, eta erabakia hartzea gogorra izan da. Baina egindako lana balioan jarri nahi dugu, herri aske ahaldundu bat dugulako helburu, eta ezer inposatu beharrean, erabakiak denon artean hartzearen alde egin dugulako».

Udalak, beraz, bertan behera utzi du bere egitaraua. Hitzartutako jarduerak beste data batzuetan egiteko konpromisoa hartu du, eta orain arte sortutako gastuak bere gain hartuko ditu.