Balearen Egunerako ginkana jarri du martxan Arkupek

 

Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak Balearen Eguneko ginkana jarri du martxan aste honetan, maiatzaren 14aren bueltan. Herriko dendetan eta tabernetan kontsumitzen duten herritarrak sarituko ditu ekimenak; aurten, zigilu guztiak lortzen dituztenek Balearen Eguneko bandera jasoko dute zuzenean.

Aurtengo kanpainak aurrekoek bezala funtzionatuko du: herriko establezimenduetan kontsumitzen duten herritarrek txartel bat jasoko dute, eta erosketa bakoitzagatik, zigilu bana jarriko diete. Behin sei zigiluak lortuta establezimendu desberdinetan, Balearen Eguneko bandera batengatik trukatu dezakete. Maiatzaren 12an, 18:30etatik 20:30etara banatuko dira banderak, kultur etxean. Horrez gain, Arkupeko establezimenduetan gastatzeko 200 euroko bost bonu zozketatuko dituzte txartela zigiluz betetzen dutenen artean.

Zozketa publikoa maiatzaren 12an egingo da, 20:30ean.

Arkupek antolatutako ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta Orioko Udalaren babesa du.