Parrilla Festaren atarian antolatutako ‘Arrantza eta gastronomia’ jarduera-sortak bigarren hitzordua izango du asteazkenean, irailaren 30ean. ‘Baxurako arrainekin errezetak’ izeneko sukaldaritza-tailerra egingo da 19:00etan Aldapa elkartean. Saioa doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, ezinbestekoa da turismo-bulegoan izena ematea.
Saioan, baxurako arraina izango da protagonista, eta hura prestatzeko hainbat errezeta landuko dira. Tailerraren bidez, bertako arraina sukaldaritzan erabiltzeko aukerak ezagutarazi eta herriko itsas ondarearen eta gastronomiaren arteko lotura nabarmendu nahi da.
Tailerra urriaren 2tik 4ra egingo den Parrilla Festaren aurretik antolatutako ekintzetako bat da. Festaren helburuetako bat Orioko ondare gastronomikoa ezagutaraztea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea da, eta, horrekin lotuta, arrantzaren eta gastronomiaren inguruko ezagutza zabaltzeko hainbat saio antolatu ditu Udalak.
Irailaren 23an egin zen lehen saioa, ‘Kofradiaren eraikinak 100 urte’ izeneko hitzaldia, Jon Agirresaroberen eta Pedro Miguel Urangaren eskutik. Asteazkeneko sukaldaritza-tailerrarekin emango zaio amaiera ‘Arrantza eta gastronomia’ jarduera-sortari.
