Bihar iluntzean, maiatzak 17, 20:00etan egingo da Benito Lertxundi omenduz: Et Incarnatus orkestra sinfonikoa haur abesbatzarekin emanaldia, Karela kiroldegian. Saiorako sarrera guztiak salduta daude dagoeneko.
Et Incarnatus orkestra sinfonikoa osatzen duten 50 musikariekin batera ariko dira lau haur abesbatza hauetako 100 kideak: Easo Txiki abesbatza, Orioko Danbolin Musika eta Dantza Eskolako haurren abesbatza, Ipar Alai abesbatza eta Laskorain Ikastolako abesbatza. Kanten egokitzapenak José Antonio San Miguel Alfaro konpositoreak egin ditu, eta orkestra sinfonikoa Migel Zeberiok gidatuko du.
Antolaketari dagokionez, kiroldegiko ateak 19:15etan zabalduko dira. Bi sarbide egongo dira: behekoa, kiroldegiko harrerakoa, eta goikoa, aldapa igo eta Arantzazuko Andra Mari auzo aldera ematen duena.
Kontzertuko sarrera erakustea derrigorrezkoa izango da kiroldegira sartzeko, ezingo da barrura pasatu txartelik gabe.
Jende asko bilduko duen hitzordua izanik, petoak soinean dituzten boluntarioen jarraibideei kasu egiteko eskatzen du Udalak.
