Bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen «Erre»ikuskizuna izango da kultur etxean

Haizea eta Oihana Aranak, Aner Peritzek eta Leire Vargasek Erre. Aldarri bat bertsoz emanaldia aurkeztuko dute ekainaren 10ean, ostiralarekin, kultur etxean. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak eskuragai daude online; kultur etxean, aldiz, ekainaren 6ko arratsaldetik aurrera izango dira.

Norbere gorputza eta bertsolaritza zeharkatzen dituzten 10 eszena lantzen ditu ikuskizunak, eta hainbat dualismo hartzen ditu hizpide: «Mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketek eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko».

Bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen dituen saioa Orion izango da ikusgai hilaren 10ean. Sarrerak 5 euroan daude salgai.