Bilera irekiak egingo ditu Udalak, Orioko euskara-plana lantzeko

Lehenbiziko bilera kirol arloko eragileekin izango da eta datorren asteartean egingo da, urriak 19, Salatxo aretoan, 18:30ean.

Udalak Orioko euskara-plana egin nahi du datozen 10 urteetarako, eta gogoeta-prozesu bat abiatu du plan horren edukia lantzeko herritarrekin batera. Oriotarrok gure buruari galdetuko diogu ea zer nahi dugun, euskararen alorrean, datozen 10 urteotan, eta ea zer egingo dugun hori lortzeko.

Gogoeta-prozesua ahalik eta zabalena egin nahi du Udaleko Euskara Batzordeak eta, horretarako, lau lantalde osatuko ditu, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Alor bakoitzeko herriko eragileak zuzenean gonbidatuko ditu lantaldeetara, baina irekiak izango dira, edozeinek parte hartzeko. Lantalde bakoitzak hiru bilera egingo ditu, urrian hasi eta urtarrilean bukatuko den prozesuaren barruan:

  • Lehen bilera: Egoeraren diagnostiko konpartitua egiteko: ahulguneak eta indarguneak.
  • Bigarren bilera: Diagnostikoa azaldu, 10 urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatzeko.
  • Hirugarren bilera: Lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztu, findu eta osatzeko.

Horrez gain, azken bilera ireki bat izango da, herritarrei egindako lanaren berri emateko eta ekarpen gehiago jasotzeko.

Kiroleko lantaldea, abiatzen lehena

Kiroleko lantaldea izango da abiatuko den lehena eta urriaren 19an egingo du lehenbiziko bilera, asteartearekin, kirol alorrean euskarak dituen ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko eta diagnostiko konpartitua egiteko. Bilera Salatxo aretoan izango da, 18:30ean hasita.

Herriko kirol elkarte eta eragile guztiak gonbidatu ditu Udalak bilera parte hartzera eta beren ekarpenak egitera.