Orioko Udalak eta herriko hezkuntza-alorreko eragileek 2023an jarri zuten abian Txalupan programa, hizkuntza-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleei zuzenduta. Errefortzu-eskoletatik haratago, planteamendu globalago bat egiten du ekimenk, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko. Programan parte hartzeko, izena eman behar dute familiek eta horretarako epea zabalik dute maiatzaren 31 arte. Izen-ematea herriko ikastetxeen bidez egin behar dute.
Herrian haurrentzat antolatzen diren jarduerak ez dira iristen ikasle batzuengana, gurasoek horien berri ez daukatelako, edo beren seme-alabentzako modukoak ez direla uste dutelako, edo, besterik gabe, ordaindu ezin dituztelako… Eta, horrela, herriko haurren arteko arrakala sortzen da eskolaz kanpoko jardueretan. Txalupan programan parte hartzen duten haurrei aukera ematen zaie herriko aisialdi- eta kirol-eskaintza eta bestelako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko.
Udalak uste du, programa honen bidez, Orioko herria aurrerapauso handia ematen ari dela herritarren kohesioa hobetzeko. Hori irudikatzen du programaren izenak berak ere: herritar guztiak txalupa berean nahi ditu Udalak, herriko bizitzan eta gure jardueretan elkarrekin parte hartuz, berdintasunean. Horretarako tresna da programa hau.
Programaren onuradunak
Programaren onuradunak hizkuntza-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleak izango dira: HHtik hasi eta DBH4ra bitartekoak. Ikasle horiei aukera emango zaie herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko 2025-26 ikasturtean eta 2026ko udan, eta Udalak ordainduko ditu jarduera horien kostuak, programaren aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian.
Programan parte hartzeko, interesatuek herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu behar dute eskaera, 2025eko maiatzaren 31 baino lehen.
Hemen daude aurtengo deialdiaren oinarriak, PDF formatuan, euskaraz eta gaztelaniaz (itzultzaile neuronalez itzulia).