Aurten Bisiguaren Festarik ez dela egingo jakinarazi dute Udalak eta eragileek

Orioko Udalak eta Bisiguaren Festa antolatzen duten eragileek agerraldia egin dute gaur goizean, maiatzak 21, aurten ez dela Bisiguaren Festa egingo azaltzeko. Agerraldia zimitorioan egin dute, eta han izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Udaleko ordezkari politiko Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi, Adrian Garcia turismo-teknikaria, Igor Manterola Oriomar arrandegiko arduraduna eta zenbait parrillero: Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Orioko Barrako Tati Guerra.

Orio historia eta istorio oparoak dituen herria dela esanez hasi du aurkezpena Esnalek, eta Bisiguaren Festa ere historia horren ondarea dela azaldu du. «Duela mende asko, baporeak agertzen hasi zirenean, arrantza-ontziak urrunago joaten hasi ziren arrain bila, eta ikatza, sua eta arraina ontzian bertan zeukatela aprobetxatuta, parrillak erabiltzen hasi ziren. Janaria prestatzeko modu hori lehorrera ekarri zuten gerora, eta horrela sortu ziren lehen erretegiak», kontatu du. Erretegiak hedatu ahala, Oriok arraina prestatzeko modu propio bat garatu zuen, Orio estiloa: olioa, ozpina, baratxuria eta pipermina dituen olio errearekin egindako arraina.

«Orioko estilo hori goraipatzeko eta sustatzeko makina bat ekimen egin ditu Orioko Udalak, hainbat formatutan», jarraitu du. Eta horietako bat izan zen 1999an sortu zen Bisiguaren Eguna izeneko erretegien parrilla-lehiaketa. 2008an, berriz, Orioko plaza jatetxe erraldoi bihurtzen hasi zen, Bisiguaren Festa izenpean: lau otordu antolatu ziren, egitarau zabala eta komunikazio-kanpaina sendoa. Ordutik, COVIDaren urteak salbu, ekimena urtez urte errepikatu da, baina festaren beharrak, helburua eta testuingurua aldatzen joan dira. «Parrilleroen profilak, gonbidatuen kopurua, tiketak erosteko baldintzak… egokitzen joan gara, eta aurten, gogoeta sakonago bat egin behar izan dugu», azpimarratu du Esnalek.

Partekatutako gogoetaren emaitza

Iaz, bisiguak lortzeko zailtasuna ikusita eta tokiko produktua erosi eta kontsumitzeko konpromisoari erantzunez, otordu-kopurua erdira murriztea erabaki zuten antolaketa-taldeko kideek, aho batez (lotura honetan ikusgai dago bisiguaren egoerari buruz AZTIko ikertzaile Guzman Diezek eman zuen hitzaldiaren bideoa). Aurten, gogoetaren emaitza beste bat izan da: «Udaleko bi alderdiek, teknikariek, parrilleroek eta arrandegiko langileek adostuta, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dugu, Bisiguaren Festa antolatzeko baldintzak betetzen ez direla ikusita», adierazi du Esnalek.

Garciaren hitzetan, Bisiguaren Festak hiru ardatz nagusi ditu: parrilleroak, generoa (bisigua) eta jatetxearen logistika-enpresa. Eta hirurak zalantzan zeudelako hartu dute erabakia. «Jaia udan egiten denez, parrilleroentzat esfortzu handia da betetako jatetxeak utzi eta plazara lanera etortzea. Bisiguari dagokionez, espeziaren osasunak okerrera egin du azken urteetan, eta arriskuan egon ez arren, gero eta urrutiagotik ekarri behar da, horrek dakarren ziurgabetasunarekin eta prezioen garestitzearekin». Azkenik, logistikaren alorrean, azken urteetan lanean aritu den catering-enpresak iaz jakinarazi zion Udalari ez zuela festan parte hartzen jarraituko; hori dela eta, hornitzaile berri baten bila ibili da Udala, baina ez du ordezkorik lortu.

«Bisiguaren Festa Orioko Udalak eta eragileek elkarlanean antolatutako festa da. Horregatik, elkarrekin egin dugu hausnarketa-prozesua, eta hartutako erabakia ere adostasunez hartu dugu», gehitu du Garciak.

Esnalen hitzetan, baina, «gaurkoa ez da egun tristea. Zaintzen duen herria garela (edo izan nahi dugula) diogu, eta gaurko erabakiak asmo horri erantzuten dio: gure ondarea zaintzeko dugun ardurari». Gainera, Bisiguaren Festa antolatuko ez bada ere, Udala eta eragileak lanean ari direla nabarmendu du, goi-denboralditik kanpo, tokiko produktuekin eta herritarrei zuzenduta egingo den festa bat prestatzeko. «Bitartean, plazako parrillak itzalita daude. Jatetxeetako parrillek piztuta jarraitu dezatela», hitzekin itxi du agerraldia.