Datozen 15 urteetan herrian egingo diren esku-hartze urbanistiko nagusiak aurkeztu dizkie Udalak herritarrei

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) datozen urteetan Orion egingo diren esku-hartze urbanistiko garrantzitsuenak jasotzen ditu, eta horiek herritarrei azaltzeko asmoz, Udalak aurkezpen irekia antolatu zuen atzo, otsailak 16, kultur etxean. Anuska Esnal alkateak eta Ainara Munduate hirigintza-zinegotziak gidatu zuten ekitaldia, eta haiekin izan ziren Hirigintza-batzordeko ordezkari Ana Priede (PSE) eta Jose Angel Iparragirre (Orain).

Udalak 2022ko abenduaren 22ko udalbatzarrean eman zion lehen onarpena Plan Orokorrari, eta orain jendaurren dago herritarrek oharrak eta alegazioak aurkezteko. “Baina gaian adituak ez diren herritarrentzat edo esku-hartzeak hurbiletik ezagutzen ez dituztenentzat, arrotzak eta oso mardulak dira dokumentu horiek, eta guztiok ulertzeko moduan azaldu nahi ditugu”, adierazi zuen Esnalek jendez betetako aretoaren aurrean. Proiektuen garapenean parte hartu duten eragile eta norbanako guztien lana balioan jarri zuen, eta Hirigintza Batzordeak egindako lana goraipatu. “Herritarren eskaerak aintzat hartu ditugu, eta bereziki transmititu nahi duguna ilusioa da: herriaren izaera balioan jarrita, aukera ederrak sortzen zaizkigulako. Eta harro eta pozik gaude horrekin”. 

Plan Orokorrean jasota dauden proiektuen azalpena egin aurretik, Udalak eraiki nahi duen herri-eredua azaldu zuen Esnalek, proposamenen nolakotasuna eta zergatia ulertzeko. Alkateak azaldu zuenez, etorkizunari begira, ezaugarri hauek dituen herria nahi du Udalak:

  • Herri bizia, bizi-kalitatea eta zerbitzuak eskaintzen dituena.
  • Gazteekin arduratsua, jaioterrian geratzeko aukera ematen dien herria.
  • Ekipamenduak diseinatzeko, zaintza-eredu berriak kontuan hartzen dituen herria.
  • Belaunaldien arteko harremanak errazten dituen herria.
  • Oinezkoak erdigunean jartzen dituen eta auzoen arteko lotura indartzen duen herria.

Irtenbide zaila zuten eremu batzuk bideratu eta gatazkatik aukerak sortzearen aldeko apustua egin du Udalak. Horretarako, gaur egun erabilerarik ez duten hainbat eremu berreskuratuko ditu eta eremu horietan herritarren beharrei erantzuten dieten ekipamenduak eta aisialdirako espazioak garatuko ditu, herriaren izaera arrantzaleari eta historiari balioa emanda.

Zortzi esku-hartze

> Kofradia berria

Kofradia berria eraikitzeko proiektua martxan da dagoeneko, aurkezpenean erakutsitako irudiak behin betikoak ez diren arren. Eraikin berriak, kofradiaren bulegoez gain, interpretazio-zentro bat eta turismo-bulegoa hartuko ditu, erabilera anitzeko areto batekin batera.

> Dike eremua

Eremu horretarako landu den proiektuan, etxebizitza libreez gain, izaera sozialekoak ere egingo dira.  Gainera, lau ekipamendu-mota jasoko ditu: alde batetik, urte luzez bertan egon zen marea-dikea gogora ekarriko duen ekipamendu bat eraikiko da Dikeko sarreran. Bestetik, Aita Lertxundi kalera ematen duten eraikinen artean, 400 metro karratu inguruko lursaila erreserbatuko da, ekipamenduetarako. Horrez gain, ibaiaren aldean 1.000 metro karratu inguruko espazio bat eraikiko da, kristalezko paretaduna, erabilera askotarako. Eta azkenik, etxebizitzen beheko solairuetan lokalak egongo dira, tokiko merkataritza sustatzeko. Ibaiaz gozatzeko espazio berde zabal bat ere sortuko da.

> Gureak

Gaur egun jarduerarik ez duen eremu bat berreskuratuko da: Gureak fabrika (edo frantses fabrika), herriko sarreran kokatuta dagoena. Udalak lokala eskuratzen duenean, Mutiozabal ontziola eraberrituaren jarduera osatzeko baliabideak izango ditu eremu horretan. Gainera, errioaren bestaldeko sotoetan aurreikusita zeuden etxebizitzak Gureak eremuan egingo dira. Eta eraikiko diren etxebizitzen %40 izaera sozialekoak izango dira. Horrez gain, oinezkoen pasabidea luzatuko da eta berdegune bat sortuko da errio ertzean.

> Sotoak

Herriaren erdigunean dauden sotoek agerian uzten dute Orioren izaera arrantzalea. Eremu horretan egitekoak ziren etxebizitzak Gureak eremuan egingo direnez, herriak eskuratuko ditu sotoak eta ekipamenduetarako erabiliko ditu.

> Arozena

Lotura izango du Dike eremuarekin eta espazio pribatu bat berreskuratuko du herriak. Egingo diren etxebizitzen % 12 izaera sozialekoak izango dira. Arozena fabrikaren zati zaharrena (Gaztetxeari lotuta dagoena) eraberritu egingo da eta beheko solairua udal-ekipamenduetarako erabiliko da.

> Erribera kalea

Erribera kalearen luzapenak arnasa emango dio herriguneko zirkulazioari, kalea Bikamiotako errotondarekin lotuko baita. Herritik ateratzeko irteera berri bat sortuko da eta horrek erdiguneko trafikoa arinduko du. Gainera, 3.000m2-ko lursaila lortuko da ekipamenduetarako.

> Abaromendi

Zaraguetako sarreran eta frontoian egin diren lanen bidez, auzoa aberastu egingo da, eta jolas-eremu berria zabalduko da. Ekipamendu berriak sortzeko lursail libreak daude oraindik.

> Hilerria

Udalak lursaila erosiko du, aparkalekuak egiteko. Gainera, aukera izango da zeremonia zibilak egiteko gela bat eraikitzeko eta, horrez gain, hilerrian sortu daitezkeen bestelako beharrei erantzuteko aukera ere izango da.

HAPOn jasotako neurriak

Esku-hartze zehatzez gain, lau esparru nagusirekin lotura duten hainbat neurri ere jasotzen ditu Plan Orokorrak:

> Etxebizitzak

Udalak kezka berezia du etxebizitzen gaiarekin. Salmenta eta alokairuko prezioek gora egin dute azken urteetan, eta gainera, etxebizitzak alokairuan hartzeko eskaintza oso txikia da. Ondorioz, herriko gazteek zailtasun handiak dituzte Orion geratzeko. Gaiari irtenbidea emateko, alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko hitzarmena sinatu du Udalak Eusko Jaurlaritzarekin: 45 eraikiko dira Munton, bost apartamentu Anibarko Portuan, eta etorkizunera begira, etxebizitza-proiektu guztiek etxebizitza sozialak barneratu beharko dituzte.

Gainera, tamaina askotako etxebizitzak egitea lehenetsiko da, behar ezberdinak dituzten herritarren arteko elkarbizitza bermatzeko. Eta etxebizitza turistikoak beheko edo lehen solairura mugatuko dira.

Etxebizitza-ereduari dagokionez, etxebizitza berri guztiek balkoia edukitzea bermatuko da. Irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko baldin bada, handipenak egin ahal izango dira etxebizitzetan, arau batzuen barruan, eta erraztasunak emango dira igogailuak instalatzeko. Bestalde, etxebizitzak bitan banatzeko aukera emango da (140m2-tik gorakoak). Teilatu azpian etxebizitzak egitea onartuko da (gutxienez 70m2-koak eta irisgarriak badira).

Udalak badaki ezinbestekoa dela etxebizitzen inguruan zerbitzuak eskura edukitzea, herri eta auzo biziak eraiki nahi badira; horregatik, merkataritzara bideratutako espazioak erreserbatuko dira, eta zerbitzuak emateko ekipamenduak sortuko dira eremu horietan, aisialdirako berdeguneekin batera.

> Landa-lurra

HAPOn jasotako irizpideen arabera, herrigunetik kanpoko lursailetako etxebizitzak hirutan banatzeko aukera izango da aurrerantzean (bakoitza 200 metro karratukoa), eta eraikin berria eginez gero, 40.000 metro karratuko gutxieneko lursaila izan beharko duela zehaztu da. Gainera, igerilekuak egiteko aukera izango da, baldin eta irekiak eta jasangarriak badira.

> Mugikortasuna

Azken urteetan hainbat egokitzapen egin dira herrian aparkaleku-sistemari lotuta: motoentzako eta ibilgailu luzeentzako aparkalekuak egokitu dira, bertakoentzako eta autokarabanentzako eremuak sortu, eta TAO sistema berria martxan jarri da. Datozen urteetan, bestalde, aukera izango da Dike eremuan aparkaleku publikoak egiteko eta horrek arnasa emango dio herriari.

Horrez gain, Herriko Plaza oinezkoentzat egokitzeko proiektua bukatzeko, pasarela bat jarriko da oinezkoentzat Bizkarreneko etxearen parean, moilako paseoarekin lotzeko. Lanak datozen hilabeteetan egingo direla aurreikusten du Udalak.

Bestalde, Bidegorri-sarea osatzeko pausu garrantzitsua eman zen iaz, Bikamiotako errotondatik autopista azpirainoko zatia eginda. Hurrengo erronka 634 errepideko zubian pasarela bat egitea izango da, oinezkoak eta bizikletak pasatzeko.

> Aisialdiko guneak eta ekipamenduak

Aisialdiko guneei dagokienez, herritarrengandik jasotako eskaerari erantzunez, parke estalia Munton egitea erabaki du Udalak, eta gainera, herriko kirol-instalazioen azterketa egiten ari da, behar berriak identifikatzeko eta gaur egungo baliabideen erabilera optimizatzeko.

Plan Orokorrak baliabideak eta aukerak ematen ditu herriaren beharrei egoki erantzuteko. Sortuko diren ekipamendu eta espazio berriak zertarako erabiliko diren zehazteko dago, baina Udalak ekipamendu-behar hauek identifikatu ditu: adinekoen egoitza berria, euskaltegi handiagoa, erabilera anitzeko aretoa, herriko sortzaileentzako espazioak (erakusketak, tailerrak, ikastaroak… antolatzeko), coworking espazioa, gaztelekuaren kokapena aldatzea, frontoi berria… Eta gune horiek guztiak diseinatzeko orduan, parte-hartze prozesuak antolatuko ditu aurrerantzean: bilera irekiak, herri galdeketak…

Informazioa, herritarren eskura

Aurkezpenean erabilitako informazioa webgunean dago eskuragai, euskaraz eta gaztelaniaz. Eta datorren astean kultur etxean izango da ikusgai panelak.