Pello eta Nikolasak gonbidatu bereziak izango dituzte aurten San Pedro festetan. Vilafranca del Penedes herritik (Herrialde Katalanak) 42 lagun etorriko dira Drac eta Aliga figurak dantzatzera, eta herriko taldearekin arituko dira ekainaren 28an eta 29an. Ohiko ibilbideak aldatu dituzte, segurtasuna bermatzeko.
Vilafrancako festa major Kataluniako berezienetakoa da. 21 dantzari eta figurek osatzen dute hango festetako segizioa, eta bi Orion izango dira sanpedrotan: Drac eta Aliga. Figura horizontalak dira biak. Dragoia da ezagunena, historialariek XIII.-XIV. mendeetan kokatzen dute bere sorrera, eta Kataluniako ondare–izendapena duten ondasunen inbentarioan dago. Ia lau metroko luzera du eta 115 kilo pisatzen du. Ikusgarria da, figura ederra izateaz gain, sua eta soinua baliatzen duelako ibilbidean zehar. Aliga ere Kataluniako zaharrenetakoa da, 1600 ingurukoa. Dantza solemneak eta kalejirakoak tartekatzen dituzte taldeko dantzariek.
Haien etorrerari begira, antolaketa-lanak fintzen ari dira Pello eta Nikolasa taldeko kideak eta Orioko Udala: ohiko ibilbideak aldatu behar izan dituzte segurtasuna indartzeko. Lehen egunean, ekainak 28, Gaztetxetik aterako dira 18:30ean, eta bigarrenean, ekainak 29, kultur etxetik, 19:30ean. Kalejira segurua izateko neurriak hartuko dira, eta herritarrei eskatzen zaie segurtasun–oharrei kasu egiteko.
Etxeko txikienek asko gozatuko dute Drac eta Aligaren bisitarekin, eta Pello eta Nikolasaren taldeak ere aukera baliatuko du ibilbide luzeko figura-taldeekin harremana mantentzeko eta haiekin ikasteko.