Egin errenta-aitorpena euskaraz!

Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina abiatu dute elkarlanean, oriotarrak animatzeko errenta-aitorpena euskaraz egitera. Apirilaren 8tik uztailaren 1era bitartean da aurtengo errenta-kanpaina Gipuzkoan.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu Ogasunarekin euskaraz egitera; eta, hartara, bide batez, administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko.

Errenta-aitorpena euskaraz egin nahi duenak oso erraza du:

  • Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu, esan hango langileari aurrerantzean euskaraz nahi duzula eta berehala aldatuko dizu.
  • Internet bidez egiten baduzu, zerorrek aldatu behar duzu plataforman: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
  • Gestoria batean egiten baduzu, eskatu gestoreari aldatu egin nahi duzula.
  • Azkenik, herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk bestelakorik erabaki arte.

 

 

Urtez urte gehiago

Beheko taulan ikusi daitekeenez, oriotar gero eta gehiagok egiten du errenta-aitorpena euskaraz; baina, oraindik ere, gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Udalaren helburua da urtez urte datu horiek hobetzen joatea.

Iazko kanpainan, esaterako, 1.052 oriotarrek egin zuen aitorpena euskaraz, inoiz baino gehiago (egindako guztien %31,4).