Eltzeitsu Solidarioak Orioko saltokietan, herriko familiei laguntzeko

Arkupe elkartearen ekimenez, Eltzeitsu Solidarioak jarriko dira Gabonetan herriko saltokietako mostradoreetan. Udalak eta Caritasek babestutako ekimena da, eta bi helburu ditu: herriko familia zaurgarrienei laguntzea eta gertuko merkataritza babestea.

Dirutan jasoko da herritarren ekarpena

Aurreko urteetan egin izan den janari-bilketa egiteko partez, aurten dirutan jasoko da herritarren ekarpena. Gabon garaian, Eltzeitsu Solidarioak jarriko dira Arkupeko saltokietako mostradoreetan, ekarpen horiek jasotzeko. Eltzeitsuaren aldamenean, ekimenaren nondik norakoak azaltzen dituen kartela jarriko da, herritarren zalantzak argitzeko.

Bezeroek eltzeitsuetan diru-ekarpena egiteko aukera izango dute. Dirua Caritasek jasoko du ondoren, eta, diru horrekin, produktuak erosiko ditu Orioko dendetan, gero poltsetan bildu eta, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, herriko familia zaurgarrienen artean banatzeko, premien arabera.

Era horretara, Orioko elikagaien banku moduko bat osatuko dute, herritarren arteko elkartasuna eta bizikidetza indartzeko. Eltzeitsu Solidarioak ekimena asteburu honetan abiatuko da.