Euskal arraunlariek munduko txapelketetan lortutako garaipenen inguruko lana aurkeztu du Manu Etxeberria Sedanok

 

70eko hamarkadatik 90eko hamarkadara, Espainiako eta Frantziako selekzioetako partaide gisa euskal arraunlariek lortutako emaitza gogoangarrien inguruko liburua osatu du Manu Etxeberria Sedanok: Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan (1970-2000). Proiektuak Orioko Udalaren babesa izan du, eta liburuaren aurkezpenean izan dira Etxeberria bera, Anuska Esnal Orioko alkatea, Jose Angel Iparragirre kirol-zinegotzia eta Xabi Ibarguren kultur zinegotzia. 

Halako lanekin herriari egiten dion ekarpena eskertuz hasi du agerraldia Esnalek, eta Etxeberriak, bide beretik, bidelagun izan dituenei aipamena eginez eta haien babesa eskertuz hartu du hitza. Hasi eta berehala, ordea, oharra: “Liburu hau irakurtzeko orduan, kamiseta horia kendu behar dugu, euskaldunon liburua baita honakoa, euskal arraunlariena. Nahiz eta egia den, urte haietan selekzioaren kamiseta ere hori kolorekoa zela”, gogoratu du protagonistaz, senidez eta arraunzalez batetako aretoaren aurrean.

Lanaren egitura

Liburua 180 orrialdez eta 90 argazkiz osatuta dago, eta 70eko hamarkadatik 2000. urtera euskal kirolariek goi mailako txapelketetan izandako parte-hartzearen datuak biltzen ditu. Urte haietan, euskal arraunlariak munduko elitean aritu ziren; zehazki, 60 finaletan parte hartu zuten, eta badira 23 euskal arraunlari dominadun, beren ibilbidean gutxienez domina bat irabazi zutenak. Lasurtegik, Kortak, Puertasek, Redondok, Elizaldek, Goikoetxeak, Genobak, Urbietak eta abar luze batek Euskal Herriaren izena munduko estropada-eremuetara eta podiumetara eraman zuten.

Kapituluek egitura periodistikoa dute, kronika txikien formatua baitute oinarrian. Testua aberasteko protagonisten adierazpenak tartekatu ditu, baita haiei eskatutako argazkiak ere.  “Hori izaten da lanik nekezena, jendeak ez baitu argazki kuttunik partekatu nahi izaten. Oso irudi konkretuak eskatzen dizkiet, eta liburuari balio handia ematen diote, historikoak baitira”, dio egileak. Adierazpen eta argazkiez gain, berrikuntza gisa, QR kodeak ere gehitu dizkie hainbat kontaketari: “Kodeek YouTubera egiten dute lotura, aipatzen den estropadaren bideora. Badaude bereziki ikusgarriak diren hiruzpalau. Eta hala, eduki aldetik liburua publiko helduagoari zuzenduta badago ere, kodeen bidez, gazteengana hurbiltzeko saiakera egin nahi izan dut”, gaineratu du.

Prozesua

Liburuaren idazketa aspaldi aurreratu bazuen ere, prozesua luze joan zela azaldu du: “Niri idaztea gustatzen zait, baina kudeaketa-lana zailagoa da. Erdia baino gehiago idatzita nuen, eta uda honetan egin dut falta zena; maratoia izan da, dena osatu eta egokitzen ibili bainaiz”. Azken bi kapituluak orduan idatzi zituela kontatu du, eta jarraian, udaletara jo zuela, proiektua finantzatzeko laguntza eske. 

Etorkizunera begira, burutan beste lanik ote duen galdetuta, baiezkoa erantzun du: “Baina ez dut ezer aurreratuko!”. Bitartean, Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan (1970-2000) lana eskuragai dago jada Hontza eta Iturain liburu-dendetan.