Udaleko Euskara batzordea datozen 10 urteetarako euskara-plana lantzen ari da herriko eragileekin batera. Horretarako, lantaldeak osatu ditu eta gogoeta-prozesu zabal bat egin du azken hilabeteotan. Gogoeta-prozesu horri bukaera emateko, azken bilera egingo du datorren asteartean, otsailak 22, kultur etxean, 18:30ean hasita.
Gogoeta-prozesu zabal horren barruan lau lantalde osatu ditu Euskara batzordeak, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Talde bakoitzak hiru bilera egin ditu eta, guztien ekarpenak bilduta, Euskara Planaren zirriborroa osatu du Euskara Zerbitzuak.
Azken lan-bilera asteartean
Gogoeta-prozesuaren ondorioz osatutako zirriborroari azken ekarpenak egiteko eta Udaleko Euskara batzordeari aurkeztuko zaion azken erredakzioa adosteko, BILERA IREKI BAT izango da asteartean. Udalak lantaldeetako kide guztiak zuzenean gonbidatu ditu bileran parte hartzera, baina bilera irekia da bertaratu nahi duten guztientzat.
Gauzak ondo bidean, asteartekoa izango da gogoeta-prozesu honetako azken bilera eta, ondoren, Udaleko Euskara batzordeak aztertuko du Euskara Planaren zirriborroa eta udalbatzarrari igorriko dio, hark onartu dezan.
Euskara batzordeak eskerrak eman nahi dizkie orain arteko bileretan parte hartu duten guztiei!