Ostegunean, maiatzak 15, abiatuko da Euskaraldia, euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial erraldoia. Aurtengoa laugarren edizioa da. Euskaraldia bideratzen duen Orioko lantaldeak jarduera-programa ederra prestatu du eta, Orioko Udalarekin elkarlanean, Nola egin ondo Euskaraldiaren ariketa hitzaldia antolatu du maiatzaren 15ean, hau da, ekimena hasten den egunean.
Ahize-AEK-ko Araitz Mugurutzak gidatuko du saioa, 19:00etatik aurrera, Salatxo aretoan. Eta izenburuak dioen bezala, hitzaldiaren helburua da ariketa ondo egiteko gakoak eskaintzea, nork bere roletik.
Hauxe da antolatzaileak jendea hitzaldira animatzeko prestatu duen testua: Ados. Eman duzu izena Euskaraldian parte hartzeko, ahobizi edo belarriprest gisa, eta jantzi duzu txapa; baina orain dator erronka: ariketari probetxua ateratzea euskara gehiago erabiltzeko zure egunerokoan. Ba al dakizu nola jokatu? Hitzaldian pista batzuk jasoko dituzu, ariketa ondo egiteko eta aukera hau behar bezala aprobetxatzeko.
Egitarau oparoa
Aurten hikaren erabilera bultzatu nahi du lantaldeak Orion, ariketak iraungo duen 11 egunetan. Eta horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte helburu horrekin:
- Hilaren 14an, esaterako, Noka ikastaro laburraren bigarren saioa egingo dute Saregilen. Saio irekia da, 18:00etatik 20:00etara, eta AEK-ko Amaia Zalduak gidatuko du.
- Maiatzak 17an, bestetik, 12:00etan Hikadromoa egingo da Herriko Plazan, Orioko AEK-k bideratuta, eta hika eta noka lagun giroan praktikatzeko aukera paregabea izango da. Ez dago aurrez izena eman beharrik.
Horrez gain, beste bi ekitaldi ere programatu dituzte:
- Maiatzak 16, ostirala: 21:00etan Kantu-afaria Balea elkartean. Izen-ematea dagoeneko itxita dago, aforoa guztiz bete delako.
- Maiatzak 18, igandea: 19:00 Maialen Lujanbioren hitzaldi-errezitaldia, elizako zimitorioan: ‘RR-6 eRRe(AH)ala’.