‘Zaintzak zagan’ ibilbidea egingo da herrian maiatzaren 17an

Orioko Udalak aurrera jarraitzen du herriko zaintzaren egoera eraldatzeko prozesuan. 2024aren amaieran kaleratu zuen herriko egoeraren diagnostikoa, eta datozen hiletako ekintza-plana laster aurkeztuko du. Horri lotuta, Zaintzak zagan izeneko ekimena egingo du maiatzaren 17an, larunbatarekin, zaintzarekin lotura zuzena duten Orioko guneen mapa osatzeko. 

Ibilbidea Herriko Plazan hasiko da, 11:00etan. Saio irekia izango da eta, beraz, interesa duten herritar guztiek dute parte hartzeko aukera. Plazatik abiatuta, geldialdiak egingo dituzte portuan, Ostargi elkartearen lokal berrian, adinekoentzako Eguneko Zentroan eta Iparragirreren dendan, eta handik Saregilera joango dira. Ibilbidea han bukatuko da, hamaiketako batekin.

Ekimenaren helburua da zaintzarekin lotutako guneak identifikatzea eta, horietako bakoitzean, parte-hartzaileek beren hausnarketak, bizipenak… partekatzea. Elkarrekin, espazio horiek oriotarren zaintzan duten paper garrantzitsua azpimarratuko da.

Ibilbidean zehar, edozein unetan elkartu ahal izango dira taldera herritarrak, eta ez da aldez aurretik izenik eman behar.