Garabide elkartearen erakusketa izango da kultur etxean abenduaren 13tik 23ra: «HIZKUNTZA INDIGENAK AMA LURRA ZAINTZEN»

Garabide elkartearen erakusketa izango da ikusgai kultur etxean hamar egunez: abenduaren 13tik 23ra. Erakusketa kultur etxeko areto nagusian instalatuko da eta zabalik egongo da kultur etxearen ohiko ordutegian: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

Hizkuntza indigenei buruzko kontakizunak

Erakusketak bi helburu ditu: batetik, Garabide elkarteak kooperazio linguistikoa nola ulertzen duen adieraztea eta, bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutzeko.

Bisitariak hainbat kontakizun topatuko ditu bertan, bakoitza hizkuntza batean eta bakoitza mundu batera hurbiltzen gaituen irudi batez lagunduta, indigenen hitzak eta indigenen begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta.

Munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen testuok. Hain zuzen, 2018an Aretxabaletan Garabide Elkarteak eta HUHEZIk antolatutako Aditu ikastaroan parte hartu zutenenak. Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean daudenak, baina irauteko gogo bizia dutenak.

Kolibriaren mitoa abiapuntu hartuta prestatutako liburuxkaren emaitza dira erakusgai dauden irudiak eta narrazioak. Horietako batzuk, gainera, QR kodearen bidez entzun daitezke.

Garabide elkartea

Garabidek eta Orioko Udalak hitzarmena sinatzen dute urtero eta, horren bidez, Udalak diruz laguntzen ditu elkartearen jarduerak. Garabidek hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen ditu garapen-bidean dauden herrietan, hiru helburu hauek betetzeko:

  • Lankidetza bideratzea garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin, euskara eta euskal kultura garatzeko esperientzien trukean oinarrituta.
  • Lankidetza-proiektuak abiatzea munduko Hegoaldeko hizkuntza-komunitate minorizatuetako eragileekin, hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alorretan eta hezkuntzan.
  • Sustatzea euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek beren eskarmentua eskaintzea Hegoaldeko hizkuntza-komunitate minorizatu horiekin elkarlanean aritzeko.