‘Generorantz’ dantza-ikuskizunerako sarrerak salgai egongo dira gaur arratsaldetik aurrera


Kimua Dantza Kolektiboak Generorantz dantza-ikuskizuna emango du Karela kiroldegian otsailaren 9an, igandearekin. Sarrerak 10 euroan izango dira eskuragai gaur arratsaldetik aurrera, urtarrilaren 29a, turismo-bulegoan eta online.

Kimua taldeak 2021ean estreinatu zuen GenEroa kaleko ikuskizuna, eta urte hartan bertan Orion ere izan ziren. Emanaldia aretoetarako egokitu zuten gero, Generorantz izenburupean, eta herriz herri ibili dira azken hiletan. Baina otsailaren 9koa saio berezia izango da: azkeneko aukera izango da Ander Errasti taldeko kide eta dantzari oriotarra emanaldi batean ikusteko, dantzari ibilbideari amaiera emango diolako Orioko saioan.

Dantza ikuskizunean, hain zuzen, zazpi interprete izango dira eszenan. Hainbat koreografia interpretatuko dituzte, eta musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabidek lagunduta, premisa honi erantzungo diote: benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke?

Sarrerak, eskuragai

Generorantz ikuskizunerako sarrerak gaur arratsaldean jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera, 10 euroan, turismo-bulegoan eta online. Pertsonako 4 sarrera erosteko aukera izango da gehienez.

Hauxe da turismo-bulegoaren ordutegia:

  • Astegunetan: asteartetik ostiralera, goizez, 09:30etik 13:30era; eta asteazkenetik ostiralera, arratsaldez ere bai, 16:00etatik 19:00etara.
  • Asteburutan: larunbatetan 09:30-15:00 artean eta igandetan 10:00-14:00 artean.